Hemen zaude: Hasiera Albisteak Iker Pirisen hotsa

Iker Pirisen hotsa

2012/06/11

Batzuetan minutu gutxi batzuk nahikoa izaten dira talde edo bakarlari baten kalitateaz ohartzeko. Badu zerbait haren hotsak, haren jotzeko moduak edo ahotsak, entzulea erakartzen duena. Ez du zertan zerbait berezia edo orijinala izan, nahikoa da entzulea ondo sentiaraztea, zirrara batzuk transmititzea, ondorio batera iristeko: entzuten ari zaren horrek merezi du arreta eskaintzea. Hori gertatzen da The Romanticosen estreinako diskoa, My Time, disko jogailuan lehen aldiz jartzen duzunean.

The Romanticos 2009an sortu zuten Iker Piris-ek (abeslari, gitarrista eta kantu gehienen konpositorea), Xabier Barrenetxeak (baxu jotzailea) eta Hilario Rodeirok (bateria jotzailea). Bluesa eta, oro har, musika afroamerikarra jotzeko elkartu ziren, eta bidenabar Iker Pirisen sormenari aterabidea emateko. Ahots atsegin eta beroa du Pirisek, eta gainera gitarrista bikaina da. The Romanticosen errepertorioan 60-70eko hamarkadetako funk-a eta gaur egun Chicagon egiten den blues modernoa batzen dira, aski ezaguterrazak diren B.B. King, Johnny Guitar Watson, Ray Charles edota The Meters-en eraginak barne. Baina taldea ez da haien ondarea egokitzera mugatzen, baizik eta ahalegin berezia egiten du sorkuntza propioak ekartzearen alde.