Musika askearen mugarria

20 apirila, 2022

 

“Gure burua da ziurtzat eman dezakegun gauza bakarra eta ustez inguratzen
gaituen errealitate guztia adiezina zaigu eta, bestalde, geure buruak sortutako
irudia baino ez izatea posible da”


Ennio Pinillos-ek “Solipsismo” diskoari hasiera ematen
dion doinuarentzat aurkeztu duen bideo eder eta misteriotsuan azaltzen da goiko
esaldia. Hiri handi baten gaueko irudiak, abiadura biziko izar iheskorren
moduan mugitzen diren kotxeen argi koloretsuak, Metro linea bateko tunela
gugana etortzen sentitzen dugu trenaren kabinako leihotik, errusiar mendi
goibel baten moduan. Errealitate eza edota ametsaren sentsazioa dugu, ezin
azaldu zergatik. ¿benetako irudiak dira edo irudikatutakoak? Enniok berak
irudikatu ditu, bideoaren egileak edo geuk? Edo denek aldiberean?

Ennioren
musika dotoreak ziurtasun baino askoz galdera gehiago eragiten ditu. Hasera
batetan erakusten duena baino gehiago iradokitzen du. Den dena geure buruaren
barnean dago eta amaitezina da. Saxo,
kontrabaxua, tronboia, piano eta bateria
. Lirika bare eta baketsuzko
soinuaren oinarria, ñabarduraz betea, arropa klasikoa erakutsi arren sailkatu
ezina azken batetan.

Ennio Pinillosek bere bidea bilatu izan baitu beti, estetika kontu
handiz zainduz, emozioen hari gidari baten moduan, beragan eragina izan duten
edo bere musikak iradokitzen dizkigun estiloetatik haratago.

Solipsismo
Musikeneko Master ikasketen barnean sortutako proiektu aske bat da. Iaz
grabatutako zuzeneko emanaldi bat, ia batere ukiturik ez duena, musikarien
arteko lotura magikoaren isla freskotasun osoz erakutsi nahian. Satxa Soriazu pianoan, Javier Callén kontrabaxuan, Miguel Moisés tronboian eta Juanma Urrizak baterian osatzen duten
taldea, hain zuzen ere.

Ennio Pinillos-ek, interpretazio eta ikerkuntza Masterra garatu
du Musikenen, Donostian. Horrez gain Nafarroako Goi Kontserbatorioko irakasle
eta Ennio Pinillos Quintet taldearen
liderra da eta “Jonathan Hurtado & Ennio Pinillos” bikotearen eta Jose
Barriok zuzendutako boskotearen partaide.

Satxa Soriazu donostiarra, Musikeneko lizentziatu eta goi
mailako graduatua da ere Jazz musikan. Up Quartet, Eje Jazz Group, RS Faktor,
The Spring Onion eta Alberto Arteta Group taldeen partaidea da ere.

Javier Callén
Monzon-en jaio zen, Huescan, eta Nafarroako Goi Kontserbatorioko jazz goi
tituluduna da. Irakasle eta musikari bezala proiektu anitzetan aritzen da.

Miguel Moisés
Tromboranga talde esplosiboaren partaide da eta bere Miguel Moises Quintet
proiektuaren liderra ere.

Juanma Urriza egungo euskal musikari belaunaldiaren adierazle
nagusietako bat da, bere estilo pertsonal eta nahastezinari esker milaka
proiektuetan “sideman” moduan aritua eta Juanma Urriza Laukotearen zuzendaria
ere.

Gaitasuna,
sentsibilitatea, heldutasuna eta konfiantza handia irudimena aske utzi ahal
izateko eta geure buruaren alde ezkutua esploratu ahal izateko. Ezusteko
edertasun zoragarriz azaltzen diren ideien iturri, beti hor gure barnean
esnatzeko zain egon diren irudien kitzikari. Euskal jazz eta musika askearen
mugarri txiki erraldoia.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com