Vous êtes ici : Accueil Albisteak MUNLET taldearen disko berria: CAÑON

MUNLET taldearen disko berria: CAÑON

12/04/2010

Une honetan boskote batek osatzen du MUNLET taldea: Anita Lady Fingers ahots, sintetizadore  eta theremin jotzailearen eta Ina Herr Professor gitarra eta tekla jotzaile eta programazio egilearen ondoan, Oscar Alvarez bateria jotzailea eta ahotsa, Arkaitz Garai baxu jotzailea eta Sergio Llanos gitarra jotzailea eta ahotsa ditugu, eta talde berri honek garatu du oraingo lan hau, CAÑON goiburukoa, orain arteko lanik mardulena, diskorik landuena, ongien osatua, talentuak eta baliabideak bikain batu dituena, proposamena askoz ere haratago eramanez, elektronika elementu akustikoekin nahasiz, musika xehetasun, kolore eta bizitasunez bustiz. CD eta LP euskarrietan.

MUNLET taldearen disko berria: CAÑON

Argazkia: Saray D. Blades

Musika entzuteko, dantzatzeko eta dastatzeko, zenbaitetan ez baitago bizi zaituen mundua hitzez deskribatzerik, entzun egin behar da nola desegiten den, nola zeure belarrian ttanttaka ari den, nola zeure kontzientzian tiro egiten duen. CAÑON.

 

MunLet, hitz berria, Herr Profesor (gitarra, programazioak) eta Lady Fingers (ahotsa, sintetizadorea, theremina) musikariek edukiz hornitzen dutena, elektronikan oinarritutako musika-eskemari jarraituz, baina gogoan punk ausartena, elektrikoena eta limurtzaileena dutela, guztia halako iluntasun aura eta esperimentazio batez bildurik, betiere ikus-entzuleengan erreakzio berriak bilatzen saiatuz.