Hemen zaude: Hasiera Albisteak MUGALDEKOAK. Biziago sentitzeak dakarren muga inguruan

MUGALDEKOAK. Biziago sentitzeak dakarren muga inguruan

2006/05/08

Egitasmoak Edu Zelaietaren bigarren poema liburua (Susa, 2004) du abiapuntu. Mugaldekoak: poemak, kantuak eta kantupoemak ikuskizunarekin idazlea bera eta Beñardo Goietxe eta Raul Garcia musikari lagunak eman zituzten hainbat emanaldi Euskal Herritik zehar. Oraingoan, Jordi Serra katalana gehitu zaiela, zuzenekoen muina grabatu dute eta hori da Biziago sentitzeak dakarren muga inguruan... izenpean jasotzen dena testo idatziekin batera. Maiatzaren 12an aurkeztuko dute zuzenean Bartzelonako UnibertSitateko kaperan. Ordurako grabazioa eskuragai izango da.

Lan honek azken bi urteotako bidea erakutsi nahi du, aldaketa zenbait eta eboluzio handia egon baita bitartean. Esaterako, hasieran hiru lagun ziren taldean, eta orain, aldiz, lau dira. Halaber, hainbat testu eta kantu berri sortu dituzte orain arte; beraz, proiektuak bizi-bizirik dirauen frogarik behinena dugu honako hau. Horrela, CD-Liburua 2004ko liburu ezagunaren segidatzat har genezake, formatu musikatu(ago)an, nahiago bada: CD-Liburuak ekarriko dituen kantuak eta testu gehienak argitaragabeak dira. Esan bezala, talde lanaren ondorio emankorra. Musikari dagokienez, arestian aipaturiko pop-rock, folk eta country ahaireak atzemanen ditu ikus-entzuleak kantu eta kantu-poemetan barna; gitarra elektriko eta akustiko, harmonika eta, gure inguruan hain ohikoa ez den zerra musikalez apainduriko piezak.
Grabatzerakoan, zenbait lagunen kolaborazio berezia izan dute Mugaldekoek: Jexux Agirresarobe (baxua) Igor Telletxea (bateria), Joseba Irazoki (lap steel-a) eta Estitxu Pinatxo (ahotsa).