Hemen zaude: Hasiera Albisteak MUGALDEKOAK : Hitzak eta hotsak batzen dituen egitasmoa

MUGALDEKOAK : Hitzak eta hotsak batzen dituen egitasmoa

2006/05/22

Egitasmoak Edu Zelaietaren bigarren poema liburua (Susa, 2004) du abiapuntu. Mugaldekoak , poesia eta kantuak batzen diren emankizunetan idazlea bera, Beñardo Goietxe eta Raul Garcia musikari lagunak eta Jordi Serra kataluniar gaztea izan dira partaide. Zuzenekoen muina grabatu berri dute eta Biziago sentitzeak dakarren muga inguruan... izenpean, testo idatziekin batera egunotan kaleratzen da. Aurkezpen PRENTSAURREKOA, atzeratu egin da eta azkenean Ekainaren 1ean, ostegunarekin, egingo dute Donostian. Bertan, Bertold Brecht entzuteaz gain, kanturen batekin gozatzeko aukera izango da. Sarrera libre.
Hemen eskuragai

Lan honek azken bi urteotako bidea erakutsi nahi du, aldaketa zenbait eta eboluzio handia egon baita bitartean. Esaterako, hasieran hiru lagun ziren taldean, eta orain, aldiz, lau dira. Halaber, hainbat testu eta kantu berri sortu dituzte orain arte; beraz, proiektuak bizi-bizirik dirauen frogarik behinena dugu honako hau. Horrela, 2004ko liburu ezagunaren segidatzat har daiteke, formatu musikatu(ago)an, nahiago bada: CD-Liburuskak ekarriko dituen kantuak eta testu gehienak argitaragabeak dira. Esan bezala, talde lanaren ondorio emankorra. Musikari dagokienez, arestian aipaturiko pop-rock, folk eta country ahaireak atzemanen ditu ikus-entzuleak kantu eta kantu-poemetan barna; gitarra elektriko eta akustiko, harmonika eta, gure inguruan hain ohikoa ez den zerra musikalez apainduriko piezak.