Hemen zaude: Hasiera Albisteak Marcos Coll: Dabilen harriari, goroldiorik ez

Marcos Coll: Dabilen harriari, goroldiorik ez

2011/09/19

Axularren esaera zaharrari gorpuzkera ematen dioten blues musikari horietako bat da Marcos Coll. Under the wings disko bikoitzak ibilbide zabal horren lagin bat jasotzen du, 1999tik 2011ra bitartean grabaturiko kantuak. Diskoa entzutean argi geratzen da Marcos Coll ez dela blues musikari soil bat; musikari handi bat da, bluesaz gain musika beltzarekin harremana duen beste edozein estilora (funk, hip hop, soul, afrofunk…) moldatzeko gaitasuna duen aho soinu jotzaile aparta.

 Natural Man + Aron Burton eta Chris Rannenberg


Marcos Collen ibilbidea lekuez eta musikarien izenez beterik dago, ikasketa prozesu etengabe bateko lekukoak direnak.  23 urte zituela Tonky Blues Band taldean sartu zen eta berehala Amar Sundy, Mick Taylor (The Rolling Stones) edota Buddy Milesen (Jimmy Hendrix, Santana...) ondoan jotzen ari zen. Ondoren Adrian Costarekin elkartu zen berriro eta bien artean Los Reyes del KO sortu zuten, Espainiako azken hamarkadetako blues bandarik onenetakoa. 2004. urtean denboraldi batean Berlinera bizitzera joan ziren Coll eta Costa, eta han ere musikari bikainak ezagutzeko eta haiekin lan egiteko aukera izan zuten. Chris Rannenberg pianista, Aron Burton baxu jotzailea (Albert Collins & the Icebreakers), Carlos Dalelane baxu eta bateria jotzailea, Kgmototso Tsatsi abeslaria, Guitar Crusher gitarra jotzailea,  Robye Edwards saxofoi jotzailea…

Azken hilabeteetan atsedenaldia hartu du Los Reyes del KO-k, eta Marcos Coll talde desberdinekin dihardu lanean. Horietako batean, Rico McClarrin (George Clinton, Jaco Pastorious, Sly Stone...) bateria jotzaile eta abeslariarekin ari da, eta bestean Peter Crow C. delta blueseko gitarristaren The  Weed Whackers taldearekin.