Vous êtes ici : Accueil Albisteak Marco Martinez eta NOI

Marco Martinez eta NOI

22/07/2021

 

NOI jazzetik jaio da, eta Pat Metheny dotorenearen aztarna dauka, baina entzunaldi bakoitzean handiagoa eta zabalagoa da, berau inspiratzen duten irudiekin bat egiten du, era berean irudi berriak sortu eta iradokiz, eta era horretan Marco Martinez, eta solik Marco Martinez-en obra bat da. Ez dago beste izenik jartzerik, edo beste edozein jar daiteke ere. Mundu oso bat eratzen du. Betirako gozatzeko disko bat.


Marco Martinez-ek konposatutako 10 piezaz osatzen da 2021eko Urtarrilean Xixoneko Meidnerz Jazz Club-ean grabaturiko disko hau; eta bertan, Marcoren nonahiko gitarraren fraseatze zoragarriaz gain, Horacio Garcia-ren kontrabaxua, Pier Bruera-ren bateria aurkituko ditugu oinarrizko hirukotea osatuz. Ezin ahaztu ere, Eladio Diaz-ek saxofoian, Cesar Latorre pianora eta Fernando Arias perkusioaz eginiko ekarpen puntual dotoreak, eta goxoki borobiltzen duen Marie-Lavis artista franko-belgiarraren diseinu grafiko aparta. Pertsonalitate eta argi bereziz distiratzen du diskoak Errabal katalogo zabalaren erdian. Anekdota moduan obra handi baten lagungarri edo apendize baten moduan jaiotako diskoa dirudien arren, denborak Aurrera egin ahala izaki berri autonomo bat eratzeko gai izan da, jatorrizko obra handiaren lagun bai baina era berean arrotz eta aske. Nork sortu duen nor ez da garbi orain. Denbora eta espaziotik at bizi den mundu bitxi batean, zalantzarik gabe.

NOI, denbora eta espazio ezagunetik at dagoen eremu bitxi batetan bizi da. Victoria A. Mussettik idatzitako Chejov-en “hiru ahizpa” obraren bertsio aske batek eragindako emozio ezberdinetatik jaio da eta erea berean, obra eder honen unibertsoa begirada berri batez aberasteko gai da. Edo hobe esan, begirada anitzez, zorrotzak, pertsonalak, bakarrak, batzuetan lasaiak besteetan ziztagarriak eta beti arras ikaragarriak. Obrako hiru pertsonaia nagusien antzera, Irene, Andres eta Olga, familiarra eta era berean guztiz arrotza zaien Argentina horretan, inoiz bueltatuko ez den garai batetara atxikitua, mirestua eta sarritan gorrotatua ere. Emozio nahasketa bortitz horrek pertsonaia bakoitzaren garapen pertsonal guztiz ezberdina eragiten du, baita NOI-rena ere. Marco Martinez-en konposaketa bilduma hau, laugarren pertsonaia bat bilakatzen da obraren barnean eta besteekin batera hazi egiten da diskoaren doinu ederren artean.

Marco, Musikeneko goi mailako Jazz tituluaren jabe da eta Oviedoko Musika Moderno eta Jazz Eskolako irakasle eta Siero-ko inprobisaketa seminarioko zuzendari pedagogikoa. 1994tik irakaskuntzan dihardu eta jazz jardun bizia mantendu du musikari bezala Quatro Jazz Quartet, Marco Matinez Special Trio taldeetan, Conexión 4tet, E.D Hip Hop Experience, Cinema, Eladio Diaz Control Z, Mapi Quintana edota Joaquin Chacon moduko artistekin elkarlanean. Baina 2019rarte ez zuen bere izenpeko eta lider moduko lehen diskoa plazaratu. Errabal diskoetxean ere. Bere altxorrik handiena eta preziatuena pixkanaka, emeki eta bere ibilbide luze eta oparo horren ikaskuntza guztiak aplikatuz lantzen egon denaren seinale. NOI disko honetan gauzatzen baita gaur arte bere espresio artistiko hunkigarriena eta sakonena. Disko eta hirukotearen izena ere, hiru hizki sinple, hiru pertsonaien izenen inizialak, mundu berri baten aurrean guztiz liluratuta eta txundituta esnatu ondoren gure, hain edertasun handiaren kodeak ezin deszifraturik mugitu eta garatzen diren hiru izaki.