Hemen zaude: Hasiera Albisteak Los Reyes del KO bueltan dira

Los Reyes del KO bueltan dira

2017/07/07

Adrian Costa eta Marcos Coll bluesaren bide europarrean barrena ibili dira, euren haurtzaroko Santiagotik Madrileraino, gitarra, aho-soinua eta ezinbesteko “riff” sorta aldean zutela; Madrilen grabatu zituzten aurreneko diskoak eta gero Berlinen jarri ziren bizitzen eta han eskainitako zuzenekoek aho zabalik utzi zituzten ikus-entzuleak. urte batzuen ondoren bukatu egin zen Los Reyes del KO taldea baina aurten berriz agertuko dira Cazorlako Blues Jaialdian eta beste eszenatoki batzuetan. Adi¡¡

Talde batzuek zeure arreta pizten dute entzuten diezun aurreneko aldian; beste batzuek merezi duten abesti pare bat izan dezaketela pentsarazten dizute; baina talde gutxi batzuei entzuten diezunean harri eta zur geratzen zara, ordura arte non izan ote diren galdetzera eramaten zaituzte. Eta klasikoak eta aldi berean garaikideak bezain erakargarriak diren hotsak ateratzen badituzte, gozatzea besterik ez dago, eta jakina, gomendatzea.

 

Marcos Collek eta Adrián Costak 1993an elkartu zituzten euren talentuak Santiago de Compostela (Galizia) sorterrian, biak ala biak musika beltz deituaren zale izaki, Blues, Soul, Funk eta beste molde batzuen jarraitzaile izaki, eta blues talde bat osatzeko erabakia hartu zuten musika molde honen aurreko zaletasunari bide emateko xedean. Tokian tokiko ostatuetan kontzertu sorta bat eskaini eta halako eskarmentu baten jabe egin zirenean, Marcosek Madrila jo zuen, eta han egunez lan eginda gauez hainbat talderekin jotzen hasi zen, jam session saioetan parte hartzen hasi zen, eta luze gabe bihurtu zen Espainiako blues talde dekanoko kide, Tonky Blues Band taldeko kide. Gertaera honen ondorioz zeharo aldatu zen haren bizimodua, batez ere maila profesionalean, eta handik pixka batera baita haren “soul anaia” Adiánena ere. Adrián  sasoi batean Tonky Blues Band taldeko kide ere izan zen, lehenik bateria jotzaile, gero baxu jotzaile eta azkenik gitarra jotzaile. Urte hauek oso emankorrak izan ziren, emanaldi asko eskaini zituzten, eta artista handiekin batera jo zuten, esate baterako, Mick Taylorrekin (The Rolling Stones taldeko gitarra jotzailea) eta Buddy Milesekin (Jimmy Hendrixen Band of Gypsies taldeko bateria jotzailea). Jazoera honek guztiz eraldatu zituen haien ikusmoldeak, sekula ere ahaztuko ez duten musika eta giza ikasgai apartak izan baitziren bi musikariontzat.

2002an euren taldea osatu zuten. Javier Vacasekin eta Antonio Alvarezekin erritmo sail hoberenetako bat sortu ostean, luze gabe kaleratu zuten euren aurreneko estudio lana, Coll vs Costa izenburukoa, Ñaco Goñik ekoitzia. Disko honekin zaleen arreta erakarri zuten.

Hurrengo urteetan lan franko egin zuten, Espainia alderik alde igaro zuten, eta blues jaialdi garrantzitsuenetan jo zuten. 2004. urtean bigarren diskoa grabatu zuten, Home made Blues, Dani Alcoverrek ekoitzia. Lan hau argitaratuta Alemanian jotzeko aukera izan zuten, eta Scmoltzeko blues jaialdian jotzeko gonbita jaso zuten. Ikus-entzule alemaniarrek egindako harrera bikainak harrituta, Berlingo hiria aukeratu zuten operazio-base gisa.

Michael Maassek eta Deutsche Schallplaten sari ezagunetan izendatua izandako Hot Tin Roof albuma ekoitziko zuen Christian Rannenbergek lagunduta, Europako hainbat jaialditan parte hartzeko aukera izan zuten. 2005ean Berlin Jazz & Blues Award saria irabazi zuten. Aldi berean musikari guztiz ezagunak ezagutu zituzten, esate baterako, Sidney “Guitar Crusher” Selby, Angela Brown, Eb Davis, Sugar Blue eta Charlie Musselwhite, eta eurekin batean lan egiteko aukera izan zuten. En 2006an zuzeneko batean grabatutako diskoa kaleratu zuten, Live in Yorckschlösschen Berlín, Alemaniako hiri honetako klub guztiz ezagun batean grabatua.

 

2009. urtean Tino Gonzales bluesman beterano mexikarrarekin jardun zuten eta grabatu zuten, eta Funky Tortillas lana eman zuten argitara. 2010. urte hasieran, berriz, lanik pertsonalena grabatu zuten, batez ere haiek berek sortutako gaiez osaturiko lana.

"It´s fiesta time!" 2010eko aurreneko hilabeteetan erregistratu zuten Alemaniako behialako irrati publikoaren Funkaus estudioan. Markus Birken izan zuten hots teknikari, nahasketak New Yorken egin zituzten Daptone Records etxean, Binky Griptiteren zuzendaritzapean (Amy Winehouse, Sharon Jones and The Dapkings) eta masterizazio lanak Kalifornian burutu zituzten Calexico bezalako taldeekin lan egindako JJ. Goldenen eskutik. Disko hau 2010eko abuztuan banatu zuten Europako herrialdeetan barrena.

Talde honetan eragin handia dutenen artean, besteak beste honako musikari hauek aipatu behar dira: Charlie Patton, Buddy Miles, James Brown, Jimmy Hendrix, Little Richard, Ray Charles, BB King eta Michael Jackson. Erreferentzia hauek gogoan, erraz imajina genezake zer topatuko dugun euren lanetako eta batez ere zuzeneko emanaldietako batzuen aurrean.


Los Reyes del KO taldeak estilo klasikoko bluesa egiten du, musika molde honen urrezko arora garamatzan bluesa. Gitarraren sentimenduak, teklatuen zorroztasunak lagundurik eta haizezko musika tresnak edo saxofoia alde batera utzi barik, zeharo apaintzen ditu guztiz gomendagarria den talde honen abestiak.

Gainera ateak irekitzen dizkie beste estilo batzuei, esate baterako, Soulari, Funkari eta une jakin batzuetan baita Hip-Hopari ere. Talde honen ezaugarri aipagarrienetako bat aho-soinuaren erabilera da, musika-tresna hau ezin hobe erabiltzen baitu. Eta gainera Bluesaren eta Soularen izar klasikoek izenpetuak izan litezkeen abestiak sortzeko duten erraztasuna da talde honen beste alderdi guztiz aipagarria, klasikoen doinuak baitarizkio, eta hori ezin dute eta ez dute ezkutatu nahi.

Talde honen bluesak jatorrizkoenetik modernoeneraino egiten  du jauzi, betiere funk, soul, hip-hop eta musika latinoak kutsaturik. Taldearen erritmoarekin, indarrarekin eta umorearekin denak aztoratzen dira, eta jende askok blues kontzertu baten aurrean zuen aurreiritzia aldatzea eragiten du. Eta hori guztia benetako blues talde “bihurri” bat izateari utzi gabe, hots sendo, lizun eta jostagarriak eskaintzen dituen taldea izateari utzi gabe. Zure herritik gertu kontzertu bat eskaintzeko asmoa badute, ez ezazu aukera galtzen utzi.