Hemen zaude: Hasiera Albisteak Lau enara bizardun

Lau enara bizardun

2018/10/23

Enaren kontuak da 2princesesbarbudes-en disko-liburu eta zuzeneko ikuskizun berriaren izenburua. Oraingoan ere aurrez katalanez argitaratutako lan baten euskarazko egokitzapena da (Sempre de vacances, jatorrizkoan).Hitzak euskarara ekartzen Uxue Alberdi idazleak lagundu die eta Gaueko Enziklopedia Kaxkarra aurreko lanean bezala Joseba Tapia izan dute laguntzaile. Zuzeneko aurkezpenetan hasi dira.

 

 

Gaueko entziklopedia koxkorra disko-liburuarekin ezagutu genuen 2princesesbarbudes bikotea orain dela lau urte inguru. Helena Casas musikariak (Pomada, Conxita) eta Marc Marcé soinu teknikarik osatzen dute proiektu berezi eta xarmangarri hau, izan ere, pilarik gabeko jostailu-tresnak erabiltzen dituzte pop estetika minimalista duen musika sortzeko eta poesia letra burutsuak dituzten abestiak interpretatzeko. Familia osoari zuzenduriko musika egiten du, eta horrela lortzen du oso zaila dirudien zerbait: hura entzuten ari diren bitartean haurrak heldu bihurtzea eta helduak haur.

Enaren kontuak da 2princesesbarbudes-en disko-liburu eta zuzeneko ikuskizun berriaren izenburua. Oraingoan ere aurrez katalanez argitaratutako lan baten euskarazko egokitzapena da (Sempre de vacances, jatorrizkoan). Hitzak euskarara egokitzen Uxue Alberdi idazleak lagundu die, zeinak “Etxebizitza” abestian ere ahotsa jarri duen. Enarak dira hamaika kantu hauetako protagonistak, eta dokumental ornitologiko baten antzera abestiz abesti azaltzen digute, erritmo, melodia eta lelo itsaskorrez lagundurik, baita umoreaz ere, nola egiten duten habia, zer jaten duten, kumeak nola hazten dituzten, zer janzten duten, nora bidaiatzen, zerekin egiten amets… Aurreko diskoan bezala, ahotsetan Joseba Tapiaren kolaborazioa izan dute Casas eta Marcék.

Taldeak “musika baxua” definizioa darabil bere proposamena izendatzeko, hainbat arrazoirengatik: pilarik erabiltzen ez duten eta ozenegiak ez diren musika tresna txikiekin osatua delako; adin guztietako entzuleek gozatzen dutelako, umeek zein helduek; eta xumea eta minimalista delako, artisau erara ondua.

Zuzeneko emanaldietan Afrikako migraziotik iritsi berri diren lau enara bizardun agertuko dira oholtzan, jostailuzko musika-tresna ugari eskura dituztela (bateria, panderoa, pianotxoa, esku-soinua, ukelelea, hiru sokako gitarra elekrikoa, xilofoia, melodikoa...) pop erritmoekin kontzertu eder eta dibertigarri bat emateko prest.

Enaren kontuak diskoaren lehen zuzeneko aurkezpenak ondorengo data eta lekuetan izango dira:

urriak 26: Arrasate (Kulturate) 

urriak 27: Hernani  (Biteri)

azaroak 3: Iruñea (Civivox Iturrama)

azaroak 23: Bartzelona (EH Sona jaialdia)

abenduak  14: Errenteria (Niessen) 

abenduak 15: Donostia (Tabakalera) 

abenduak 26: Donostia (Larrotxene kultur etxea)

abenduak  29: Elorrio (Arriola)