JIMMI ARRABIT TRIO: jazzaren mundua eta herri doinuena
Jimmy Arrabit bateria jotzaile eskarmentudun eta molde askodunak (Itoiz, King Mafrundi, Sustraia...) gidatu du hirukoaren egitekoa. Bateria jotzaile bezala pentsatutako konponketa eta garapenak dituzte diskoa osatzen duten piezek, baina ez dago bateriaren diktadurarik. Egunotan eskuragai eta zuzenean Bizkaiko Blues-Jazz zirkuituan (Ikus agenda).
Espazioak ongi orekatuak daude hiru musika tresnentzat, eta Fred Feugasen pianoak eta Xabi Hayeten kontrabaxuak ederki dantza egiten dute Arrabiten bateriak markaturiko erritmo basaren menera. Zenbaitetan pianoak hartzen du gidaritza, baina bateriaren perkusio hotsa beti da oso present.
Jazz lengoaia erabiliz Jimmy Arrabitek sortu duen lehen lana da, baina nabari du hortik ere asko edan duela, edan duela Miles Davis, John Coltrane, Bill Evans eta enparauen iturritik. Baina, edozein generoren gainetik, bateria jotzaile petoa dela erakutsi du beste behin. Eta jakinduria ez ezik ausardia aitortu behar zaio. Gauza bat da planteamendu bat interesgarria izatea a priori, eta beste bat, asmo hori maila txukun askoarekin gauzatzea. Mundu, sonoritate eta lengoaia propio bat darabil hirukoteak, begiak ixtera eta perkusioaren erritmora gorputz atalak mugitzera zaramatza. Senti zaitezke behinolako festa erritual batean edota garai modernoagoetako klub batean. Baina gutxienekoa da hori, hunkidura eta barne zirrarak dira garrantzitsuenak, eta
Basa dantzak horiek sortarazten ditu.
