Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jazzaren anarkia alaitsua

Jazzaren anarkia alaitsua

2022/06/08

The New Jazz Collective musika sortzeko plataforma izateko asmotan sortu zen. LUCIO lanaren argitalpena Lucio Urtubia anarkista eta erreferente libertarioaren mezua jarraitzeko era propioa dugu. Bizirik zela ezagutu izan genuenoi zantzu handia utzi zigunez, zergatik ez erakutsi bere ondarea —“Egin egin behar da!”—  gure musikaren ikuspegitik? Musika hau, "Lucio: una reflexión escénica" zuzeneko lanaren soinu banda da.

Eremu anitz horretan, jazzaren anarkia alaitsuak betetzen ditu zirrikitu eta hutsune guztiak. Marco Bellizzi (tronboia), Juan De Diego (tronpeta), Fredi Pelaez (hammond organoa) eta Hilario Rodeiro (bateria) dira hain zuzen ere, obraren soinu egitura gorpuzten duen New Jazz Collective horren partaideak.

Marco dugu konposaketa eta doinuen egile nagusia; Nafarroako Goi Kontserbatorioko Jazz tronboi irakaslea eta 15 herrialde ezberdinetan (ospe handieneko europar antzokietatik Afrikako errefuxiatu kanpamenduetara) kontzertuak emateko aukera izan duen artista ausart eta Konprometitua.

 

THE NEW JAZZ COLLECTIVE

Lucio

ER-139

 

“Egiten dugun horretan sinisten dut beste ezerren gainetik, egiten dugulako eta egiten dugun hura gara” Lucio Urtubia

 

89 urte zituela zendu zen Lucio Urtubia, “Cascanteko Robin Hood”, bidai txekeen faltsifikazio erraldoi baten bidez First National Bank-i desafio egin zion anarkista, eta bere atzean, oraindik ia ezkutuan diharduen istorio bat utzi zuen, hura ezagutu zuten guzientzat betirako inspirazio indartsua eskainiz. Hor datza proiektu honen indarra, jardun hutsaren plazerean eta konpromezuan. Etengabe lanean jarraituz hemen garela eta kapitalismoaren inertzia ankerraren aurrean, txikiak izanik ere, norbait garela harrotasunez erakusteko grinak hauspotzen du ekimen eder hau.

 

Yerbabuena Producciones-en eskutik dator proposamen berezi eta berritzailea. Antzerki, komiki eta jazzaren hizkuntza eta baliabideak nahastuz Lucioren bizitza, ekintza eta pentsamenduen berri ematen digu irudi, hitz eta New Jazz Collectiveren musika zoragarriaren bitartez. Belatz, komikiaren egileak zioen bezala “Lucio joan zaigu, baina bere ekintzen oinordekoak gara eta bere borrokarekin aurrera jarraituz gure ondoan dagoela sentitzen dugu oraindik” eta Pilar Chozas, ikuskizunaren koordinatzaileak aitortzen duen moduan ere “Proiektu hau, inguruko gauza guztiak gain behera zetozela iruditzen zitzaidan unean, bapatean iritsi zaidan opari bat izan da niretzat”; omenaldiaz gain, “Lucio” aldarrikapen bat eta borrokaren pauso berri bat da aldi berean. Literatura, irudia eta soinuaren arteko muga iragazkor horretan “Lucio” obrak pertsonaia poliedriko honen erretratu kubista bat ekartzen digu. Espazio-denbora koordenada eta ikuspuntu ezberdinen arteko elkarrizketa liluragarri honek gure aurreiritzi eta uste sendoenak hautsi eta galdera zorrotzak planteatzen ditu. Antzokia utzi bezain pronto, hausnarketa sakonera edota akzio zuzenera pasatzeko bultzada ederra sentitzen dugu ikusleok.

 

Eremu anitz horretan, jazzaren anarkia alaitsuak betetzen ditu zirrikitu eta hutsune guztiak. Marco Bellizzi (tronboia), Juan De Diego (tronpeta), Fredi Pelaez (hammond organoa) eta Hilario Rodeiro (bateria) dira hain zuzen ere, obraren soinu egitura gorpuzten duen New Jazz Collective horren partaideak.

 

Marco dugu konposaketa eta doinuen egile nagusia; Nafarroako Goi Kontserbatorioko Jazz tronboi irakaslea eta 15 herrialde ezberdinetan (ospe handieneko europar antzokietatik Afrikako errefuxiatu kanpamenduetara) kontzertuak emateko aukera izan duen artista ausart eta Konprometitua.

 

Nafarroako Kontserbatoriotik dator ere Juan De Diego, Bartzelonan bizi den bilbotarra Jazz Groove Trakas laukotearen liderra da, baita DeDiego boskote ospetsuarena ere, non bere anaia den Victorrekin batera jazz eta boogaloo nahasten dituen eta beste hamaika talde ezberdinen partaide da ere. Haien artean, Asociación Libre Orkesta, Brassass Company, Barcelona Big Latin Band, 666, Barcelona Jazz Orquesta, Lucrecia edo Groove Station aurki ditzakegu.

 

Bestalde, Fredi Pelaez handia dugu (diskoaren ekoizpen eta masterizazioaren arduraduna bere Pottoko estudioetan) pianista formakuntzaz, eta bere hammond organo magikoari emana azkenaldi honetan, Organiks, Dynamic Trio, Carlos Bernal trio edo CIF project moduko taldeen partaidea da. Eta azkenik Hilario Rodeiroren eferbeszentzia erritmikoa, freelance bateria eta inprobisatzaile elektronikoa eta Musika Akademiaren sariaren eta Bartzelonako V Concurs de Jazz-aren irabazlea. Pamplona Jazz Orquesta, R.S.Faktor, The Good Time Rollers, Old School Quartet edo  The Big Free Tongue moduko taldeen partaidea da.

 

2021eko irailean grabatua, swing gozagarrizko 7 doinuetan idealista nafarraren bizitzan lagun den soinu banda jasotzen du disko honek eta bide batez bere mezuari jarraipen ematen dio, geure belarri eta bihotzetan oihartzun betierekoa eraginez.

 

“84 urte, eta oraindik mundu zikin hau hobetzea dagoela uste dut” Lucio Urtubia.