Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ilunpe guztien gainetik, bizimina kantagai

Ilunpe guztien gainetik, bizimina kantagai

2017/11/21

Xabier Montoia  abeslari eta idazlearen bakarkako seigarren diskoa da Gorraizea. Bere ibilbideari dagokion harrera komertziala beti jaso ez badu ere, euskal rockaren azken 30 urteotako sortzaile eraginkor eta aitortuenetako bat da Montoia. 80ko hamarkadako funtsezko bi talderen sorreran parte hartu zuen —Hertzainak eta M-ak– eta etengabeko garapen eta bilaketan dagoen diskurtso musikala landu du bakarkako diskoetan. Hala, hasierako lanetako pop-rock eta gitarra doinu elektrikoak desagertuz joan dira diskoz disko eta proposamen soil eta akustikoa nagusitu da azken grabazioetan. Montoiaren disko bakoitza aurrekoaren aldean ezberdina da, nahiz eta egilearen nortasun eta begirada propioa gordetzen duten denek.

 

Gorraizea diskoaren hazia aurreko lanean dago, Montoiaren mundu miresgarria izenekoan (2011). Azken hamarkadan Ibon Rodriguez musikari ipurterrearekin (Eten taldeko kide eta Mursegoren azken diskoetako ekoizlea, besteak beste) izan duen harreman estuaren fruitua izan zen disko hura, zeinean lehen aldiz biolontxeloa erabili zuen Montoiak kantuak janzteko. Horrek baldintzatu du hurrengo diskoan eman beharreko urratsa. Eta erronka.

Izan ere, musika-lengoaia horretan sakondu eta hari laukote batekin grabatu du Montoiak Gorraizea. Berriz ere Ibon Rodriguezen ezinbesteko laguntza izan du musikari gasteiztarrak musika klasikoaren esparruan egindako murgiltze honetan, hark sortu baititu hamar abesti hauetarako orkestra moldaketak paperaren gainean. Ondoren Xabier Zeberiok (biolina), Itziar Lertxundik (biolontxeloa), Monika Peinók (biola) y Leire Pikabeak (biolina) jo dituzte Rodriguezen partiturak Fredi Pelaez soinu teknikariaren Pottoko estudioan.

Aurrekoen aldean disko arras ezberdina izan arren, Montoiaren obraren koherentziari eusten dio Gorraizea-k, hala doinuen aldetik nola hitzen aldetik, Montoiaren obran ohikoak diren gaiak aurkituko baititu entzuleak disko honetan: denboraren joana, oroimena, maitasuna, adiskidetasuna...