Herri musika jazzez jantzita

8 abendua, 2020

Euskal kantugintzako hainbat klasiko jazz giroetara
moldatzen ditu Haizea Martiartu, Markinako saxo jotzaile gazteak, bere
estreinako disko honetan. Besterik gabe? Bai eta ez, egia esan. Alde batetik
hori baita diskoaren funtsa, garbi eta xinple, eta aurriritziek bitxikeria
efimero bat baino ez dela pentsa erazi dezakete. Baina ez, emaitza ez da nolanahikoa,
ezta gutxiago ere. Abesti horiek entzun, arnastu eta azaleko poro guztietatik
xurgatu eta barneratu dituen artista baten espresio guztiz pertsonala da, ordea.
Era horretan bakarrik hausnartu bait daiteke disko honen fluidotasun harrigarri
eta bai, baita bitxia ere. Gaitasun handieneko musikariek soilik iradokitzen
duten erraztasun engainagarri horretaz, Haizearen saxoak doinuen goxotasun
etxetiarra marrazten du airean lehen une batetan. Gutxien espero dugunean
berriz, mila kolore ezberdinetan deskonposatzen du edertasun txundigarriko
tapiz batetan. Abiapuntua guztiz ahaztuta, eremu oso urrun batetan sentitzen
garen unean, bueltan da berriz hain ezagun zitzaigun doinu hura. Baina agian
ez, ez da gauza bera, ezin berriz era berdinean entzun. Behingoz, ilargiaren
ezkutuko aldea ikusteko gai izango bagina bezala, ustez ezagunak genituen
doinuak berriak, arrotzak eta inoiz baino aberatsagoak iruditzen zaizkigu
orain. Haizearen magiari esker.

 

Azti hau nor den galdetzen badiozu zure buruari,
esan, Haizea Martiartu Bilbon jaio zela 1991an eta Markina-Xemeineko soinu bandarekin
hasi zela musika munduan, herri festa eta ekitaldi publikoak girotuz. Hantxe
garatu zuen betirako doinu eta dantza herrikoiekiko grina eta maitasuna.  Eta ez bertakoak soilik, baita pixkanaka, bere
jakin nahi asegabeak bultzatuta eta musikaren aztarna eta loturak gure muga
sozial eta politikoak guztiz gainditzen dituztela sumatuz, ozeanoz beste aldeko
New Orleans edo Chicagoko jazzekoak ere. Bartzelonako ESMUC eskolara jo zuen
orduan jazzeko saxo karrera burutzea eta bide batez bere ikuspegi anitz hura
guztiz sendotzera “Ezusteko
pozgarria hartu nuen karrera bukatutakoan. Orduntxe konturatu bait nintzen nire
konposizioek zortzikoen kutsua zutela, euskal erritmoena, alegia. Markinako
bandan interpretatzen nituen nire lurraldeko doinu eta pieza haiena, hain zuzen
ere. Nahiz eta  teorian, eta harmoniari
buruz ikasitakoa aplikatuz, jazza konposatzen ari nintzela suposatu. Horrela
sortu zen nire haurtzaroa alaitu zuten musika horien omenaldia
“.

Bide
horren adierazle garbi, Folketik
Jazz Ensemblera”
 izenburua eman dio
Haizeak bere omenaldi disko zoragarri honi. “Aldapeko” edo “Agate Deuna”
bezalako kantu klasiko eta sinbolikoak bere konposizioekin nahastuz beste 9
musikari gazteen laguntza izan du Haizeak bilduma dotore hau atondu ahal
izateko: Lucia Fumero (pianoa), Sergio del Campo (zeharkako flauta eta
piktoloa), Joan Mar Sauque
(tronpeta), Julio Marin (klarinete
sopranoa eta klarinete baxua), Jofre Alemany (saxo tenorra), Eneko Urrestarazu
(tronboia), Carla Gonzalez (kontrabaxua),
Pol Ribó (bateria).

Abangoardia, tradizioa,
herrikoia, unibertsala, jazz kosmiko edo zortziko xumea… ahaztu ditzagun
etiketak. Haizea Martiarturen magia, hitz batetan

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com