HAU Bira txikia

1 otsaila, 2017

Maite Larburu eta Josh
Cheatham
neighbor dira. Lehena biolin jotzailea da eta
bigarrena viola da gamba-kontrabaxularia. Hernanitik dator bata eta Seattle-etik
bestea baina Amsterdameko auzo berean egin zuten topo. Eta bizilagun edo neighbor egin dituzte haien ogibide den
antzinako musika klasikoa eta herri kantagintza; sokazko instrumentuak eta
ukelelea; Euskal Herria eta Japonia. Auzo berbera baita mundua, klasikoa ala
gaurkoa; hemengoa ala Txinakoa; denok gara bizilagun, denok, neighbor.

Duela
hiru urte neighborren lehendabiziko albuma (ura
patrikan)
kaleratu zenetik sorturiko kantuen bilduma da HAU diskoa. Kasu
honetan, Maite abeslariak ukeleleak eta gitarrak erabili ditu sormenerako;
Joshen poli-instrumentista gaitasunak Maiteren tresnen oinarria izan du.
Ukeleleak, gitarra klasiko eta elektrikoak, shakuhachiak (flauta japoniarra),
musika kajatxoak, pianolak, biolinak, viola da gambak, melodikak…  entzungo dira HAU-n, eta klarinete baxua ere
gehitu da, Carlos Taroncher-i esker.

Soinu
oso muturrekoak dira beraz, uztartu direnak. Ukelelea eta gitarra elektrikoa
bizilagun eginda, elefantea xaguaren etxean sartu da… eta elkar bizitza beti
erraza ez bada ere, emaitza exotikoa, ederra izan daiteke!

Haritz Harreguyren (Higain estudioak, Usurbil)
laguntza ezin bestekoa izan da zeregin horretan. Kantuak eta hitzak
Larbururenak dira; diskoan ageri diren, collage eta marrazkiak ere bai;
diseinua berriz Amsterdamen finkaturiko Akiko Wakabayashi disenatzaile
japoniarrak egin du.

—————————-

Duela pare bat urte, Ura patrikan izeneko disko bat agertu zelarik, harrituta geratu
ginen asko. Zer ote zen hura? Nondik irten ote zen? Kantetan, musika mota
zenbaiten ezaugarri garbiak antzeman bazitezkeen ere (jazzarenak, Brasilgo
musikarenak, are gure herri kantagintzarenak), horiek denak modu harmoniatsuan
ageri ziren, gehienetan zerbait berezia eta, maiz, gozoa osatuz. Izendatzen
zaila zen zerbait. Kantuak euskaraz eta erdaraz (ingelesez, gazteleraz) emanak
zeuden, gainera. Hizkuntza gorabehera, hitzek mundu pertsonal baten berri
ematen ziguten, kantuz kantu. Batzuetan, bere adierazpidea surrealismotik gertu
aurkitzen zuen mundu bat, gozotik beste mikatzetik zuen mundu bat. Maite
Larbururen mundua, hain zuzen ere. Haren auzo Josh Cheathamen gitarrak biltzen
eta edertzen zuen mundu bat.

                Bikoteak
beste disko bat osatu du, aurrekoa entzun ondoren, gehiago nahi genuenontzat
opari: Hau. Espero zitekeen bezala,
disko dotorea da honako Hau,
aurrekoaren ezaugarri behinenak gordetzeaz gain, areagotu, zorroztu egin
dituena. Ura patrikan haren soiltasun
sofistikatua baztertu gabe ere, estutu ederra eman diote, konposizioari nahiz
instrumentazioari ere dagokionez. Konposizioetan, arriskatu eta libreago aritu
direlakoan nago, Amutxatxa edo Gizon bat izeneko kantuetan, esaterako,
agerian uzten dutenez. Tresnak, aldiz, lehendabiziko disko hartan baino
ugariagoak dira, eta geruza gehiago ematen diete kantuei, beraz.

                 Pop musikaren topikoak dioenez, zailena da
talde batentzat bere bigarren diskoa, batez ere lehendabizikoa arrakastatsua
izan bada, Ura patrikan izan zen
bezala (arrakasta kritikoaz ari naiz, noski). Neighborrekoak lasai egon
daitezke, ordea, disko zoragarria baita Hau.
Bejondeiela.   

XABIER MONTOIA

 

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com