Hemen zaude: Hasiera Albisteak Hamar Urte Geroago

Hamar Urte Geroago

2021/07/15

Miguel Salvadorrek mendiei eskaini die disko berria, haien edertasun mugaezin eta lasaiari eta haien arrokek izkutatzen duten  milurteko jakinduriari. Altxor errepikaezin, pertsonal eta bakana igoera eta pasio bakoitzean eta beti eskuragarri, eskaini nahi diogun ahalegin eta denboraren truke, besterik gabe. Inoiz asetzen ez gaituzten berritasun itxuroso eta azkarren artean alde egiten digun denbora preziatu hori hain zuzen ere. Zalantzarik gabe, mendien antzekoa da Miguel Salvadorren musikaren portaera, egunero zeruertzean ikusten dugun eta dagoeneko gure atentzioa deitzen ez duen mendi eder bat bezalaxe, hara azkeneko aldiz noiz igo ginen ezin gogoraturik.  Kasu honetan gainera, Jonathan Hurtado (piano), Marcelo Escrich (kontrabaxu) eta Gorka Iraundegi (bateria) moduko kide fin eta apartak dituela.

Aurtengo Gasteizko jazzaldian arrakastatsu aritu dira laurok.

 

Diskoa 2020ko Otsailean Urdulizko Tio Pepe estudioetan dago grabatuta, Unai Mimenzaren zuzendaritzapean eta funtsean bere instrumentuak sutsuki maite eta jazz-a bere adar guztietan ikasi, praktikatu eta bihotzez estimatzen duten lau musikarien bilkuran datza: Marcello, Argentinan jaioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoan burutu zituen bere ikasketak eta egun, Kontserbatorioko Kontrabaxu eta Inprobisazioko irakaslea da. Horretaz gain dagoeneko 20 bat grabaketa ezberdinetan parte hartu du bai laguntzaile bai bakarlari moduan eta bereziki aipagarriak dira lider moduan “Charlie Haden Songbook”  zuzendu eta Javier Lopez Jasorekin batera konposatu dituen “Pagoda” eta  “Aporía” maisulanak. Gorka, autodidakta hutsa, bere bateria edota hammond organoaren freskotasuna edozein eratako talde eta festibaletara ekartzeko beti prest. Jonathan Bilbon jaio zen baina Marcello bezala Nafarroako Kontserbatorioko irakaslea da eta bere pianoaren fintasuna bakarkako nahiz Ennio Pinillos edota Miguel Salvador berarekin batera ekoiztutako hainbat lanetan barreiatzen da. Azkenik gure protagonista nagusia eta taldearen liderra, bilbotarra da ere eta gitarra irakaslea Getxoko Andres Isasi eskolan eta Deustuko Mr Jam-en, eta lauren artean berea da ibilbide diskografiko zabalena eta oparoena. Subipeko Swing eta Marmara Dxieland Band taldeetan aritu da eta hainbat sari jaso ditu San Javier (Murcia), Parla edo Pori (Finlandia) moduko festibaleetan. Bertan eta beste hainbat lekutan Iñaki Salvador, Gonzalo Tejada, Jesus Sant Andreu, Javier Vargas edo Joaquín Chacón moduko izen handiekin elkarbanatu du eskenatokia. 2007tik bere taldea lidertzen du eta mendiekin harreman aberatsa mantentzen du 2012an “Bajo Cero” dokumentalarentzako musika idatzi zuenetik, Mendifilm festibalaren barnean.

Hamar urte geroago” gailur berri bat da Miguelen ibilbidean. Bertatik bere iragana eta ondarea harrotasunez begiratzen ditu eta bere bideari ekin eta gailur oraindik eta altuagotara ailegatzeko prestatzen ari zaigu, zalantzarik ez dugu. Mendia beti gure zain dugu.


Hamar urte geroago

 

Proiektu honekin hamar urtean ibili ondoren, aztertu egiten duzu, baloratu... eta musikan nola eta norekin elkartu nahi duzun erabakitzen duzu. Mendira, afaritara edo trago batzuk hartzera joatea bezalakoa da... Oso garrantzitsua da konpainia. Hamar urte eta gero, natura agertu zait nire bizitzan, mendi gisa. Zer edo zer handi, liluragarri bezala, eszenatoki desertu edo elurtuetara zaramatzala, arriskutsuetara ere bai. Esker oneko diskoa da hau, esker onekoa naiz mendiekiko zoriona ekarri didatelako, erakutsi didatelako gailurrak ahalegin pertsonal baten emaitza direla, gailur guztiek dutela opari errepikaezina, bakana... Eta hor daudela zain gu haiek bisitatzera igotzeko.

Aneto, Balaitus, Infernuak, Peña Castil, Torrecerredo... Eskerrik asko zuek ezagutzeko aukera emateagatik.

 

JUREKENTZAT

 Abesti hau Javier Baraiazarraren enkarguz egina da (Bilbao Mendifilmeko zuzendaria), Jerzy Kukuczka mendizale handiaren heriotzaren 30. urteurrenerako. Pertsonaia hori ez zen oso ezaguna, baina sekulako balentriak burutu zituen. Haren bakarkako batzuk oraindik oso zailak egiten zaizkigula hasi gara ohartzen. Esaterako, 8.000 metroko gailurrei ekitea neguan.

GAMUETA

 Linzaren gainetik dagoen baso itxurako naturgunea da, bakana, bakartia, Ginebral, Acherito, Petrechema bezalako mendiz inguratua.

ETA MENDIEK HITZ EGITEN DIZUTE

 Ahots sakon harekin, inoiz atera diren soinurik ederrenak jaulkitzen dizkizute mugak, haranak, hiriak, herrialdeak eta ozeanoak zeharkatuz.

ORIZABAKO ZITLA

 Orizaba mendian (Mexiko) bizi izan zen txakurtxo baten istorioa da. Magal haietan,  5.000 metrotik gora, galduak zebiltzan mendizale asko salbatu zituen Zitla kementsuak. Hila da baina bertan dago, bere ganora eta bere ausardia eskertzeko hainbat abenturazalek egin dioten omenezko hilobian.

ALLUITZ

 Omenaldi txiki bat gure mendiak gogoan, batez ere Urkiola kateko gogokoena zaidan honi.

DIAGONAL HANDIA

 Pirinioetan, Sallent de Gallego herritik gertu, diagonal itxurako arrakala handia duen mendi bat dago. Igoerarik ezagunenetako bat. Mendiak Balaitus du izena, eta 3.000ko mendebaldekoena da kate osoan.

GALSORO ARTEAN

 Musika itxurako oparia da, ni mundu honetan egotearen lana hartu zutenentzat. Tierra de Campos-en hasten da istorioa, behialako abuztu hartan.

 

PEÑA CASTIL'S ICE CAVERN

 Europa Mendietako erdialdea leku liluragarria duzue, eta Peña Castil adierazgarri ederrenetako bat. Igoeran, 2.250 metroko goratasunean eta bidezidor ia ikusezin batetik ezkerrerantz hartuta, milaka urte dituen  toki bat ageri zaizu, forma askotan zintzilikatua izotz urdinez. Menderik mende osatu den kobazulo natural honetan iraganeko oihartzunak entzuten dira. Mamuten orroa, antzinako tribuen hizketaldiak hormetan jotzen duten ur tanta gisa...

Miguel Salvador

 

Miguel Salvador, gitarra            Jonathan Hurtado, pianoa

Marcelo Escrich, kontrabaxua       Gorka Iraundegi, batería

*    *     *