Hemen zaude: Hasiera Albisteak GERE baxujotzaileak 5.1 sisteman kaleratuko du bere lehen diskoa

GERE baxujotzaileak 5.1 sisteman kaleratuko du bere lehen diskoa

2010/05/31

Urte askotako lana. Esperientzia metaketa handia. Jende askoren ezagutza eta kolaborazioa. Eta nortasun baten bilaketa, ahots propio baten lanketa. Guzti hori eta ñabardura gehiago biltzen ditu bere baitan Jose Agustin Guereñu GERE musikari arabarraren La gran casa bakarkako lehen lanak. Baina ez hori bakarrik. Diskoko piezen entzuketan ahalik eta gehien gozatu ahal izateko  ohizko emaitzaz gain DTS 5.1 sisteman ere izango da grabazioa eskuratzeko aukera. Bertan nazioarteko musikari bikainak eta soinu kalitate altuena nahasten dira. Errabal jazz diskoetxearen eskutik.

Hona hemen diskoari izena ematen dion abestia entzungai:

LA GRAN CASA

Egileak berak dioen moduan, etxe handi batean gauza asko sar daitezke, baina batez ere norberari gustatzen zaizkionak, norberak bilaturikoak, norberak gonbidaturikoak. Lana osatzen duten 9 piezek Gereren musika unibertso propioa osatzen dute, bai estilo aldetik eta baita osaketa aldetik ere. Parte hartu duten musikarien kopuruari eta haien mailari erreparatzea besterik ez dago lanaren tamainaz jabetzeko. Hiru bateria jotzaile daude:  Nathaniel Townsley (Joe Zawinul, Richard Bona…), Enzo Filippone eta Tino DiGeraldo; lau teklista: Alfonso Perez, Jose Maria Cortina, Fran Rubio eta Miguel Angel Collado; gitarretan Michael Ciro (Alicia Keys), Paco Rivas, Jose Antonio Rodriguez eta Carlos Camarasa; Luis Dulzaides perkusio jotzailea; Ion Garmendia eta Iñaki Plaza txalapartariak; Jon Robles eta Iñaki Arakistain saxo jotzaileak; Carlos Martin tronboi jotzailea; Kepa Junkera soinujolea eta Armand Sabal-Leco baxu jotzailea.

Piezetako batzuk baxuarekin eraikitako harmonietatik abiatuta sortu ditu; beste batzuetan bateriarekin sortutako erritmoei eman die lehentasuna. Eta ondoren musika tresna eta musikari egokiz osatu ditu, espazioa betetzen duen eskulturgile abilak bezalatsu. Berak egin nahi duena egin du, zer esango duten edo zeini gustatuko ote zaion edo ez zaion pentsatzen ibili beharrik izan gabe. Nahi izan du, esaterako, flamenko entzunaldietatik ateratako irakaspenei bide eman, eta

Potage gitano izeneko pieza sortu du. Nahi izan du erritmo latinoen eta gertuko herri baten saltsaren arteko uztarketa egin, eta Salsa de Burandon (cha cha cha) sortu du. Eta nahi izan du, besteak beste, behiala Kepa Junkerarekin sorturiko Euskal dantzak piezari beste kolore bat eman, eta berreskuratu du pieza hura Kepa Junkera bera trikitian izanik. Sortzaile baten barneko bulkadaren lehen fruitua da La gran casa.