Vous êtes ici : Accueil Albisteak Ez dago rock-and-rollik jarrerarik gabe.

Ez dago rock-and-rollik jarrerarik gabe.

31/12/2020

 Bateriak eta gitarra bik osatzen dute King Kong Blues hirukotea. Berrehun kontzertutik gora eman dituzte Frantzian, Holandan, Espainian, Portugalen, Euskal Herrian... Fleshtones, Meteors, Black Diamond Heavies, Wampas, Wampas eta beste hainbat talderen atariko gisa jardun dute.

 Rock-bluesaren barruan ongi kokatuta, estiloan Robert Johnsonengandik Jon Spencerrengana dabiltza, blues akustikotik hasita rock&roll basatieneraino. Bordelen bizi diren hiru musikari frantsesek osatzen dute  taldea eta ¡Bam Bam! da euren bigarren diskoa. 

Makur, bronkazale, hezikaitz, ukatzaile... Izenlagun asko erabil genitzake rock-and-rolla musika hutsetik haratago definitzeko. Baina, zalantzarik gabe, bizitankera oso bat zer den adierazten duen hitzik baldin badago, jarrera izango litzateke hitza. Jarrerarik ez, rock-and-rollik ez. Askorentzat horixe izan da XX. mendeko musika-seinalerik gorena eta ondorengo musika joera ugariren gidaria, hainbat belaunaldiren soinu-banda.

 Bordelen bizi diren hiru musikari frantsesek osatzen dute King Kong Blues taldea. Blues musikan sartu aurreko ibilbide oparoak dituzte hirurek. Alex abeslari eta gitarristak luzaz aritu zen punk-rock eszenan eta, bestalde, euskal rockaren eragin nabarmena zuen eta okzitanierazko zein euskarazko abestiak batzen zituen Cararaks taldeko kidea izan zen. Gilou bateriajolea Orange Macadam rock-and-roll taldeko kidea izan zen beste gitarrajolearekin, Ginorekin. Parfum de Femmes bezalako taldeetan trebatu zen Gino, eta Lords of the New Church edo Johnny Thundersen ondoan jo izan du.

 Ibilbide aberats hauek egungo King Kong Blues proiektu hau eman zuten ondorioz. Azken bost urteotan zuzeneko emanaldietan Europako proposamenik indartsuenetako bat izateaz gain, musikaren suspertzaile argia ere bada taldea: ez du artifiziorik edo epelkeriarik maite, mezu zuzenak eta konprometituak bidaltzen dizkigu. Teknikaren gainetik dauka espiritua.
 2015ean izen bereko EPa argitaratu zuten, eta 2017an Martin Guevarak (Capsula) Bilboko Silver Recordings estudioetan ekoiztutako Make Rock and Roll great again lehen albuma. Geroztik Martin Guevararekin izandako esperientzia errepikatu dute, aurreko lanetan erakutsitako soinu eta koherentzia bereko abesti-bilduma berria ekartzeko, Bam Bam.