Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskal eszenako outsider bat

Euskal eszenako outsider bat

2020/04/03

Gutxiengoa dira ibilbide luze baten ostean sekula disko bera egin dutenik esan dezaketen musikariak. Igor Arzuaga da horietako bat.   Hori beharbada inoiz baino agerikoagoa da Menditik jaitsi ginen diskoan, zeinean aurreko lanetako hainbat kantu berriz grabatu dituen musikari arabarrak instrumentazio ezberdin batekin janzteko. Lehen aldiz, hirukote formatura jo du Arzuagak, jazz hirukote formatu klasikora hain zuzen —pianoa, bateria eta kontrabaxua, tarteka teklatuak ere bai—, eta horretarako Hasier Oleaga (bateria)) eta Victor Gomezen (kontrabaxua) laguntza ezinbestekoa izan du.

 

 

 Aurreko diskoetatik zazpi kantu berreskuratu ditu Arzuaga: “Paris”, “Edurretan” eta “Jota” Argi izpi bat diskotik (2002) hartu ditu; “Suge ilunak” eta “Gorbeia”, Smog (2004) diskotik; “Ilargi gorria” Unibertsoa gu diskoan agertu zen (2008); eta Luis Vilekin ondutako Mara mara diskotik (2011), “Nire aberria” erreskatatu du. Alde horretatik, Arzuagaren ibilbidearen zati bat laburbiltzen duen bilduma gisa uler daiteke Menditik jaitsi ginen baina disko berri baten entitatea eta pisua du aldi berean. Izan ere, kasu gehienetan jatorrizko interpretazioa gainditzen du bertsio berriak, urteekin Arzuagak musikari eta abeslari gisa izan duen garapenaren seinale. Heldutasun artistikoaren  froga ditugu hiru konposizio berriak ere: “Arin arin”, piano hutsezko “Amaiera” eta Arzuagaren alderdirik heterodoxoena erakusten digun “Mehatzariena”.

Diskoaren izenburuak eta azalak iradokitzen dutenez, herri musika tradizionalaren melodiak eta erritmoak hizkuntza musikal urbano batera eraman ditu Arzuagak. “Arin arin”, “Mehatzariena” edota “Jota” bezalako konposizioetan antzeman daiteke bereziki musika herrikoiarekiko gertutasun hori. Beste batzuetan, abestien pop izaerari eusten dio jantzi akustiko baten barruan (“Suge ilunak”), baina gehienetan Arzuagaren konposizioetako unibertso musikal besterezina gailentzen da (“Edurretan”, “Nire aberria”, “Paris”, “Gorbeia”).

Igor Arzuagak 90eko hamarkadan eman zituen lehen urratsak musikari gisa. Exkixu taldeko kidea izan zen eta Mikel Urdangarinen lehen diskoetan parte hartu zuen. Mende honen hasieran bakarkako ibilbideari ekin zion, eta orain arte bederatzi disko argitaratu ditu, bere izenpean edota Mara ezizena erabiliz. Halaber, disko bat kaleratu du Larrepetit taldearekin. Euskal musika eszenan aurki daitezkeen sortzaile bakan horietako bat da.