Hemen zaude: Hasiera Albisteak Irakaslerik onena errepidea

Irakaslerik onena errepidea

2021/05/21

Bilbon sortutako talde honek —Mario Gomezek (ahotsa eta gitarrak), Carlos Jover-ek (harmonika eta ahotsa), Jorge Gomezek (bateria) eta Fabian Akarregi (kontrabaxua)—  hamar urte luze daramatza lanean errespetuz eta koherentziaz, 2014an taldearen izen bereko lana argitaratu zutenetik. Lehen agermen hartan baserri blues klasikoen bilduma bikaina egin bazuten, 2017ko Jump and Shout-ekin Chicagoko bluesetik, West Coastetik edo Jump Bluesetik jo zuen, aurreko lanen zorroztasunean eta abesti originalez osaturiko diskoa izatearen balio erantsiarekin. The Blues Morning Singers adibide paradigmatikoa da: eskolarik onena oinez doan bidea dute, eta irakaslerik onena errepidea, beti. Horren adibide Winding Road taldearen azken emaitza.

 


Bilboko Kantauri estudioetan grabatutako Winding Road lanak Alberto Trigueros eta Javier Alzola saxoan bezalako musikarien laguntza izateaz gain pianoan eta teklatuetan, aurreko lana markatu zuen gorantzako bideari jarraitzen dion talde sendo bat erakusten digu. Blues tradiziorik garbienean, ikuspegi sofistikatuago eta helduago batetik sortutako sei abesti originalek osatzen dute bilduma. Winding Road diskoari izenburua ematen dion abestian, hirurogeiko bluesera garamatzate, eta Booker T inguruko lurrinak dakarzkigu hammond organoari eta Sonny Boy Williamsonen kutsu ukaezinari esker. “Confusion Blues”ek ezin hobeto jarraitzen ditu Jump Bluesen kanonak, Jorge Gomezek baterian eta Fabi Akarregik kontrabaxuan. Mario Gomezen ahots ederrak eta gitarrari eragindako soinu bikainak ezin hobetuzko tenpo bat oparitzen digute. Carey Bellek idatzitako temen oihartzuna dakar "Learning to say no"k, shuffle kutsuan, funketik pauso txiki batera. "Lotto Prize"k berrogeiko hamarraldiaren Chicagoko eskola zaharrera eramaten gaitu. New Orleanseko heterodoxiaren eta jai giroko jive-aren artean, taldeak "Under the Rain" hedatzen du aldagarritasun harroaldi berri batean, eta "Talk to the devil"ekin ixten du diskoaren ebakirik ilunena, originalena eta biziena, Carlos Jover ahotsean eta Mario Gomez slide guitar lanean.

  Bidea ezagutzea ez omen da ibiltzen jakitea. Urteak dira Blues Morning Singers taldea bluesaren sigi-sagako bide bihurri horretan leialki eta zorrotz. "Winding Road" dugu emaitza: bihurgune gozagarriz betetako errepidea noski, magia eta sentimendua errealitate bilakatzen dituen hizkera  unibertsal hau ulertzen dakitenentzat.