Hemen zaude: Hasiera Albisteak dantzarako gomita

dantzarako gomita

2018/05/04

   Oroigarriz eta oihartzunez hornitutako diskoa dugu For Dancers Only. Curtis Mayfield, Marvin Gaye edo The Jb´s, Grant Green, Lou Donaldson edo Lonnie Smith atzeman genitzake The Cherry Boppers taldearen azken emaitzan. Perfekzio handiz diseinaturiko diskoa dugu inondik ere, groove egokiarekin eta Bilboko banda honek bere ibilbide luzean hartutako jakinduriarekin osatua. Jatorri  afroamerikarreko soinu mordoa egokitu digu hain berea duen kontzeptura, gure garaiari dagokion ikuspuntua galdu gabe. 

Entzun: Tout va bien

 

 

Afroamerikako erroetatik datorren beste edozein estilok bezala, aspaldi du funkak egin zuela jauzi Atlantikoaren bazter honetara, ez zirkuitu handietara, baina bai ugari eta emankorretara. Ildo honetan, The Cherry Boppers ezinbesteko erreferentzia dira Euskal Herrian ez ezik Espainaiako estatu osoan, proposamen interesgarrienetakoa izanik gaur egun Europan egiten den funkaren panoraman. Bestalde, ez litzateke bidezkoa izango banda honen musika estilo bakarrera murriztea, batez ere hamalau urte iraun duen proiektuaz ari garela: zortzi lan diskografiko argitaratuak dira, zientoka kontzertu emanak gure kontinentean zehar.

   For Dancers only tituluak adierazten digu zer edo zer taldearen ezaugarriez. Baterian Txefo K-billy, perkusioan Xixo Yantani, baxuan Guru Teje, gitarra Rambo The street King, tekladuetan Raimund Dietzen, saxoa eta txirula Mihail Goldfingers, eta tronboian Art LaRock. Artistok garatu duten estilo berezian groovea jabetzen da hasieratik hamabi abestietan. “Tout va Bien”en edo  “For Dancers Only”n bezala, “Simon is Back”en ere  hirurogeiko urtealdian indarrean azaldu zen funka aipatzen digute, “Marvin´s Night” tempo erdikoan Motown gogoraraziz eta Marvin Gaye faltetsia batez ere,  “4,3,2,1” soinu latinoaren erdibidean perkusioari eta leloan sartu duten stax ezaugarriari esker. “Doin´ Slowly”k baretu egiten du giroa Mihail Goldfingersen txirulaz eta Xixo Yantaniren perkusioaz. Dantzapistara garamatzate ostera “Edición Especial”ekin eta “LP Fiction”ekin. Art LaRock nagusitzen da tronboiaren boterearekin Raimund Dietzen lagun duela teklatuetan “Fostex Lady”n, eta “Run and Gun”eraino joanarazten gaituzte zangoak higitzeari uzteke. Rhodes organoak sartzen gaitu ahots femeninoa daukan abesti bakarrean, “Susu Pétalos”, jazzaren eta  soft soularen arteko ariketa. Lan honen amaiera ezin hobea lortzen du “Black Cream”ek, dantzapista leporaino betez ostera.