Charlie Haden songbook

21 otsaila, 2017

Charlie Haden Songbook

 Charles Edward Haden Iowako estatuan
jaio zen, 1937an. 15 urte zituenean polioak jota bazterrera utzi behar izan
zuen kantari gisa hasitako bidea, eta kontrabaxua aukeratu zuen musikaren
ibilbidean aurrera egiteko. Contrytik abiatuta ibilbide oparoa egin zuen
jazzaren esparruan, hori bai, betiere ahots bakarrarekin, berearekin, alegia.

Kontrabaxu jotzaile gisa hamaika proiektutan parte hartzeaz gain, berak
sortutako musika ere ondu zuen, eta gai horiek, dosi txikietan, haren disko guztietan
sarrarazi zituen. Konposizio horiek une oro daude hizpide izan dugun ahots
horren menera, egilearen mintzairari egokitua, haren doinuari moldatua,
artistaren Musikari egokitua.

Luis Giménez,
gitarrak

Alberto Arteta,
saxo tenorra eta sopranoa

Marcelo Escrich,
kontrabaxua eta moldaketak

Marcelo Escrich – Silent Trío

 

            Nafarroako Goi mailako Musika
Kontserbatorioko korridoreetan gorpuztu zen talde hau, bertan ematen baitituzte
eskolak taldekideek. Gitarrak, saxoak eta kontrabaxuak osaturiko hirukoteak
soinuen kolore paleta aski aberatsa eskaintzen digu, nahiz eta erritmo
harmoniatsu zorrotza aplikatzea eskatzen digun geure ideia entzuleengana
helarazteko.

            Gure borondate bakarra da musika
oroitarazlea ontzea, ñabardurez betea, entzuleengan erreakzio positibo
adierazezinak eragiteko xedearekin.

 

            Heldu diogun lehenengo proiektu
honetan omenaldi gisa ezagutarazi nahi dugu Charlie Haden-en alderdi agian
ezezagunena, musika ontzailea ere izan baitzen.

Kontrabaxu jotzaile handia izateaz gain, bere-berea zuen ahotsa zuen Charle
Haden-ek, aurreneko notetatik bereiz zitekeen. Haren konposizioak
pixkana-pixkana iritsi dira gurera egilearen diskoak bidelagun, eta lan horiek
bere ahotsaren zerbitzura onduak izan direla esan behar dugu.

 

Marcelo Escrich Silent Trío” hirukotearen “Charlie Haden Songbook”   

ERRABAL-JAZZ
zigiluaren diskoa

 

01 Nice Eyes. Halaxe deitzen zion Lester
Young-ek Stan Getz-i. Lester-i omenaldia egiteko ondu zuen Charliek abesti hau,
Stan-ekin batean jotzeko.

Jatorrizko
melodiaren ordez, Charliek 1993an “Always Say Goodbay” albumean
Quartet West laukotearekin grabatutako bakarkako pasartea ekarri dugu hona.
Amaiera aldean baizik ez da jatorrizkoa iradokitzen.

 

02 There in a Dream. 1996. urtean Quartet
West laukoteak grabatua. Albumaren barruan azalpenik ez dagoen arren, bada gai
honen sorburuan izan zitekeen esaldi bat, Buñuelena, ametsak hizpide hartuta: “irudimenak eta ametsak une oro
inbaditzen dute memoria, eta irudikatutakoa benetakoa dela uste izateko
tentazioa handia denez, gure gezurra egia bihurtzen amaitzen dugu. Nolanahi ere
den, horrek ez du halako garrantzirik, behar-beharrezkoak eta pertsonalak
baitira bata zein bestea”
.

4/4 moldean
grabatu zuten arren, guk ¾ konpasean interpretatu dugu. Gai honetan Mikel
Anduezak esku hartzen du bere saxofoi altuarekin abestiaren doinua eta
aurreneko bakarkako pasartea jotzeko.

 

03 Taney Country. Country moldeko bi
baladen elkarketa da, Charliek gurasoei eskainia Taney-ko konderriarekin zuten
lotura niretzat ezezagun bat tarteko.

Lehenengo balada
aukeratu dugu, hiruok jotzen dugu doinua, bakoitzak tonalitate desberdin batean
baina. Hirudun maiorreko bitarteak bereizitako hiru tonalitate zirkulu bat
eratzeko eta nire lagunek inprobisatzeko. Behin bakarrik jotzen dugu bigarren
balada, eranskin moduko koda gisa.  

 

04 First Song. Charliek bere bigarren
emazte Ruth Cameron-i opa izan zizkion abesti ugarietan lehena da honakoa.
“Silence” gaiarekin batean, bertsio ugari ezagutu ditu abesti honek,
sarritan birsortu dute. Aukera, birrarmonizazio, tonu eta metrika aldaketa
desberdinekin probatu eta gero, ereserki honi egin ziezaiokeen omenaldirik
onena Abbey Lincoln-en letrak hartuta Terela Gradín-en ahotsa zela erabaki
genuen. 

 

05. Our Spanish Love Song. Charliek Madrilen
ondu zuen abesti hau Gonzalo Rubalcabarekin batean jotzen zuenean. 1993an
Quartet West laukotearekin grabatu zuen “Always Say Goodbye” diskoan,
eta geroago Pat Metheny-rekin 1996ko “Beyond the Missoury Sky” album
mitikoan.  Gure bertsioan kontrabaxuak
jotzen du gaiaren melodia, baina berehala egiten du sarrera Charliek
Metheny-rekin ondutako bertsioan (saxo tenorrarekin eta gitarrarekin)
grabatutako bakarkako pasarteak. Bakarkako pasarte horien ostean baterako
melodia entzungo da, Haden-en bakarkako pasarteak osatuta.

 

06. Biolontxelorako 1. salmoa. Haden.
Jainkoa goresteko abestiak dira salmoak. Fededun ez garenontzat geure idoloak
dira gure jainko. Charlieri opa dizkiogu salmo xume hauek.

 

07 In the Moment. Abesti hau 1986. urtean
grabatu zuen lehenengo aldiz Quartet West laukotearekin, eta bere lau
seme-alabei opa izan zien. Gerora berriz ere grabatuko zuen beste talde
batzuekin. Eskalan gora eta behera dabiltzan bitarte laudunek osatutako melodia
xumea da, taldearen bakarkako pasarte bati bide egiten diona. Gitarrak jotako
kutsu barrokoko zati bat erantsi diogu, bakarkako pasartea berez norabide
horretara bideratzeko.

 

08 Here’s Looking at You/ Always Say Goodbye.
Middle batera bildu ditugun bi balada dira. Lehenengoa Quartet West laukotearen
1996ko “Now is the Hour” albumean topatzen dugun aurreneko abestia
da. Bigarrenak talde berak 1993an grabatutako albumari ematen dio izena.

Gure bertsioaren
amaieran bi melodiek bat egiten dutela esan behar dugu, saxo tenorrak interpretatua
da bata eta gitarrak bestea.

 

09 Blues in Motion/ Bay City/ Blues for Pat.
Charliek bere ibilbidean ondu eta grabatu zituen blues ugarietatik hiru dira
hauek. Lehenengoa Paul Motian-i eskainia da eta hirugarrena Pat Metheny-ri. Nik
uste dut Michigan estatuko hiriari (Madonnaren jaioterria) eskainia dela Bay
City.

Bay City
tonalitate minorrean ondua den arren eta beste biak tonalitate maiorrean,
melodiak ezin hobe uztartzen dira. Inprobisazio pasarteei begira, berriz,
tonalitate minorra aukeratu dugu guk.

 

10 Biolontxelorako 1. salmoa. Haden.
Charlieren memoria ohoratzeko beste ahalegin 
bat.

 

11 Waltz for Ruth. Charlie Hadenek bere
bigarren emazte Ruth Cameron-i eskainitako beste gai bat. Pat Metheny-rekin
batean osatutako “Beyond the Missouri Sky” albumari begira ondu zuen
gai hau.

Guk, baina, 5/4
konpasean jotzen dugu eta halako protagonismoa ematen diogu Javier López
Jasoren eskusoinuari.

 

12 Out of Focus. Gai hau Charliek 1977.
urtean bere izenean plazaratu zuen “The Golden Number” albumean
grabatu zuen aurreneko aldiz. Baxuak interpretatutako melodia bat da, Don
Cherry-ren txirularen ekarpenak tarteko. Eta horrek ateak zabaltzen dizkio 6
minututik gora irauten duen taldearen bakarkako pasarte gogoangarri bati, non
Cherry-k jada bere tronpetarekin eta Hadenek Ornette Colemanekin batean jardun
zuten garaiaren laburpen bat eskaintzen duten. 
 

25 urte geroago
eta testuinguru guztiz bestelako batean, melodia bera erabili zuen Charliek
2002an kaleratutako “American Dreams” lanean. Kasu horretan, izen bereko
laneko (American Dreams) gai baten zatitzat harturik eta hari musika tresnen
orkestra batek lagundurik.

Aurreneko
bertsioaren hasiera saxo sopranoarekin eskaintzen dugu guk, jarraian melodia
horri besterik gabe segida emateko, bi grabazioen artean joandako urteen
trantsizioa irudikatzen duten hainbat harmonizazioren bidez.

 

13 3. salmoa Mauro Urriza gogoan izateko.
2014an zendu zen Mauro lagun maitea omentzeko ondu nuen abesti xumea da. Mauro
gurekin izan balitz, haren pianoak laukote bihurtuko zukeen gure hirukotea.
Horregatik eta Charlie miresten zuelako aintzat hartu dut gai hau proiektu
honetan.

 

14 Nightfall. Charliek 1976. urtean bere
izenean plazaratu zuen “Closeness Duets” albumari begira grabatu zuen
lehenengo aldiz gai hau. “Ellen David” zuen izena abestiak, eta Keith
Jarrett handiarekin osatu zuen bikotea gai horretan. Ellen David zuen izena
gerora bananduko zen lehenengo emazteak. Banandu eta gero beti
“Nightfall” deitu zion Charliek abesti horri, eta guk haren erabakia
errespetatu besterik ez dugu behar. Diskoari amaiera ematen dion abestia da,
eta “Ilunabar” horrek etapa baten, proiektu baten eta grabazio
estudio bateko larunbateko amaiera orduaren azkenak irudikatzen ditu. Nightfall
gaian, bakarkako pasarteen ostean, saxo tenorrak eta gitarrak txandaka esku
hartzen dute gaiaren melodian, Charlie Hadenek Gonzalo Rubalcabarekin batean
ondutako “Nocturne” diskoan grabatuta utzi zuen bakarkako pasarteari
bide emanez.

Gai horren
osterako utzi dugu, Ghost Track moduan, Child’s
Play
gaiaren melodia, Hadenek 1988ko “In Angel City” Quartet West
laukotearekin jotzeko albumari begira idatzitako kalipsoa . Horrenbesteko
malenkoniaren ondorenean mezu positibo bat uzteko ekarri dugu gai hau lan
honetara.

 

 

 

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com