Hemen zaude: Hasiera Albisteak Charlie Haden songbook

Charlie Haden songbook

2017/02/21

Disko honetan ohorea egin nahi izan diot 2014. urtean betikoz utzi gintuen Charliren memoriari, eta bilduma bakar batean jaso ditut haren lan batzuk. Begirune handiena gordeaz moldatu ditut, entzuleak Hadenen unibertsoa ezagutu eta harekin bat egin dezan ahaleginduz. Gai batzuetan, Charliren bakarkako pasarteek ordezkatu egiten dituzte doinuak, edo ongi asko uztartzen dira haiekin. Beti jarri izan ditut nota horiek nire taldekideen atriletan, baina ez da nire asmoa artista handi hura imitatzea, baizik eta haren oroitzapena bizirik mantentzea. (Marcelo Escrich)

 

Charlie Haden Songbook

 Charles Edward Haden Iowako estatuan jaio zen, 1937an. 15 urte zituenean polioak jota bazterrera utzi behar izan zuen kantari gisa hasitako bidea, eta kontrabaxua aukeratu zuen musikaren ibilbidean aurrera egiteko. Contrytik abiatuta ibilbide oparoa egin zuen jazzaren esparruan, hori bai, betiere ahots bakarrarekin, berearekin, alegia.

Kontrabaxu jotzaile gisa hamaika proiektutan parte hartzeaz gain, berak sortutako musika ere ondu zuen, eta gai horiek, dosi txikietan, haren disko guztietan sarrarazi zituen. Konposizio horiek une oro daude hizpide izan dugun ahots horren menera, egilearen mintzairari egokitua, haren doinuari moldatua, artistaren Musikari egokitua.

Luis Giménez, gitarrak

Alberto Arteta, saxo tenorra eta sopranoa

Marcelo Escrich, kontrabaxua eta moldaketak

Marcelo Escrich – Silent Trío

 

            Nafarroako Goi mailako Musika Kontserbatorioko korridoreetan gorpuztu zen talde hau, bertan ematen baitituzte eskolak taldekideek. Gitarrak, saxoak eta kontrabaxuak osaturiko hirukoteak soinuen kolore paleta aski aberatsa eskaintzen digu, nahiz eta erritmo harmoniatsu zorrotza aplikatzea eskatzen digun geure ideia entzuleengana helarazteko.

            Gure borondate bakarra da musika oroitarazlea ontzea, ñabardurez betea, entzuleengan erreakzio positibo adierazezinak eragiteko xedearekin.

 

            Heldu diogun lehenengo proiektu honetan omenaldi gisa ezagutarazi nahi dugu Charlie Haden-en alderdi agian ezezagunena, musika ontzailea ere izan baitzen.

Kontrabaxu jotzaile handia izateaz gain, bere-berea zuen ahotsa zuen Charle Haden-ek, aurreneko notetatik bereiz zitekeen. Haren konposizioak pixkana-pixkana iritsi dira gurera egilearen diskoak bidelagun, eta lan horiek bere ahotsaren zerbitzura onduak izan direla esan behar dugu.

 

Marcelo Escrich Silent Trío” hirukotearen “Charlie Haden Songbook”   

ERRABAL-JAZZ zigiluaren diskoa

 

01 Nice Eyes. Halaxe deitzen zion Lester Young-ek Stan Getz-i. Lester-i omenaldia egiteko ondu zuen Charliek abesti hau, Stan-ekin batean jotzeko.

Jatorrizko melodiaren ordez, Charliek 1993an "Always Say Goodbay" albumean Quartet West laukotearekin grabatutako bakarkako pasartea ekarri dugu hona. Amaiera aldean baizik ez da jatorrizkoa iradokitzen.

 

02 There in a Dream. 1996. urtean Quartet West laukoteak grabatua. Albumaren barruan azalpenik ez dagoen arren, bada gai honen sorburuan izan zitekeen esaldi bat, Buñuelena, ametsak hizpide hartuta: "irudimenak eta ametsak une oro inbaditzen dute memoria, eta irudikatutakoa benetakoa dela uste izateko tentazioa handia denez, gure gezurra egia bihurtzen amaitzen dugu. Nolanahi ere den, horrek ez du halako garrantzirik, behar-beharrezkoak eta pertsonalak baitira bata zein bestea".

4/4 moldean grabatu zuten arren, guk ¾ konpasean interpretatu dugu. Gai honetan Mikel Anduezak esku hartzen du bere saxofoi altuarekin abestiaren doinua eta aurreneko bakarkako pasartea jotzeko.

 

03 Taney Country. Country moldeko bi baladen elkarketa da, Charliek gurasoei eskainia Taney-ko konderriarekin zuten lotura niretzat ezezagun bat tarteko.

Lehenengo balada aukeratu dugu, hiruok jotzen dugu doinua, bakoitzak tonalitate desberdin batean baina. Hirudun maiorreko bitarteak bereizitako hiru tonalitate zirkulu bat eratzeko eta nire lagunek inprobisatzeko. Behin bakarrik jotzen dugu bigarren balada, eranskin moduko koda gisa.  

 

04 First Song. Charliek bere bigarren emazte Ruth Cameron-i opa izan zizkion abesti ugarietan lehena da honakoa. "Silence" gaiarekin batean, bertsio ugari ezagutu ditu abesti honek, sarritan birsortu dute. Aukera, birrarmonizazio, tonu eta metrika aldaketa desberdinekin probatu eta gero, ereserki honi egin ziezaiokeen omenaldirik onena Abbey Lincoln-en letrak hartuta Terela Gradín-en ahotsa zela erabaki genuen. 

 

05. Our Spanish Love Song. Charliek Madrilen ondu zuen abesti hau Gonzalo Rubalcabarekin batean jotzen zuenean. 1993an Quartet West laukotearekin grabatu zuen "Always Say Goodbye" diskoan, eta geroago Pat Metheny-rekin 1996ko "Beyond the Missoury Sky" album mitikoan.  Gure bertsioan kontrabaxuak jotzen du gaiaren melodia, baina berehala egiten du sarrera Charliek Metheny-rekin ondutako bertsioan (saxo tenorrarekin eta gitarrarekin) grabatutako bakarkako pasarteak. Bakarkako pasarte horien ostean baterako melodia entzungo da, Haden-en bakarkako pasarteak osatuta.

 

06. Biolontxelorako 1. salmoa. Haden. Jainkoa goresteko abestiak dira salmoak. Fededun ez garenontzat geure idoloak dira gure jainko. Charlieri opa dizkiogu salmo xume hauek.

 

07 In the Moment. Abesti hau 1986. urtean grabatu zuen lehenengo aldiz Quartet West laukotearekin, eta bere lau seme-alabei opa izan zien. Gerora berriz ere grabatuko zuen beste talde batzuekin. Eskalan gora eta behera dabiltzan bitarte laudunek osatutako melodia xumea da, taldearen bakarkako pasarte bati bide egiten diona. Gitarrak jotako kutsu barrokoko zati bat erantsi diogu, bakarkako pasartea berez norabide horretara bideratzeko.

 

08 Here’s Looking at You/ Always Say Goodbye. Middle batera bildu ditugun bi balada dira. Lehenengoa Quartet West laukotearen 1996ko "Now is the Hour" albumean topatzen dugun aurreneko abestia da. Bigarrenak talde berak 1993an grabatutako albumari ematen dio izena.

Gure bertsioaren amaieran bi melodiek bat egiten dutela esan behar dugu, saxo tenorrak interpretatua da bata eta gitarrak bestea.

 

09 Blues in Motion/ Bay City/ Blues for Pat. Charliek bere ibilbidean ondu eta grabatu zituen blues ugarietatik hiru dira hauek. Lehenengoa Paul Motian-i eskainia da eta hirugarrena Pat Metheny-ri. Nik uste dut Michigan estatuko hiriari (Madonnaren jaioterria) eskainia dela Bay City.

Bay City tonalitate minorrean ondua den arren eta beste biak tonalitate maiorrean, melodiak ezin hobe uztartzen dira. Inprobisazio pasarteei begira, berriz, tonalitate minorra aukeratu dugu guk.

 

10 Biolontxelorako 1. salmoa. Haden. Charlieren memoria ohoratzeko beste ahalegin  bat.

 

11 Waltz for Ruth. Charlie Hadenek bere bigarren emazte Ruth Cameron-i eskainitako beste gai bat. Pat Metheny-rekin batean osatutako "Beyond the Missouri Sky" albumari begira ondu zuen gai hau.

Guk, baina, 5/4 konpasean jotzen dugu eta halako protagonismoa ematen diogu Javier López Jasoren eskusoinuari.

 

12 Out of Focus. Gai hau Charliek 1977. urtean bere izenean plazaratu zuen "The Golden Number" albumean grabatu zuen aurreneko aldiz. Baxuak interpretatutako melodia bat da, Don Cherry-ren txirularen ekarpenak tarteko. Eta horrek ateak zabaltzen dizkio 6 minututik gora irauten duen taldearen bakarkako pasarte gogoangarri bati, non Cherry-k jada bere tronpetarekin eta Hadenek Ornette Colemanekin batean jardun zuten garaiaren laburpen bat eskaintzen duten.   

25 urte geroago eta testuinguru guztiz bestelako batean, melodia bera erabili zuen Charliek 2002an kaleratutako "American Dreams" lanean. Kasu horretan, izen bereko laneko (American Dreams) gai baten zatitzat harturik eta hari musika tresnen orkestra batek lagundurik.

Aurreneko bertsioaren hasiera saxo sopranoarekin eskaintzen dugu guk, jarraian melodia horri besterik gabe segida emateko, bi grabazioen artean joandako urteen trantsizioa irudikatzen duten hainbat harmonizazioren bidez.

 

13 3. salmoa Mauro Urriza gogoan izateko. 2014an zendu zen Mauro lagun maitea omentzeko ondu nuen abesti xumea da. Mauro gurekin izan balitz, haren pianoak laukote bihurtuko zukeen gure hirukotea. Horregatik eta Charlie miresten zuelako aintzat hartu dut gai hau proiektu honetan.

 

14 Nightfall. Charliek 1976. urtean bere izenean plazaratu zuen "Closeness Duets" albumari begira grabatu zuen lehenengo aldiz gai hau. "Ellen David" zuen izena abestiak, eta Keith Jarrett handiarekin osatu zuen bikotea gai horretan. Ellen David zuen izena gerora bananduko zen lehenengo emazteak. Banandu eta gero beti "Nightfall" deitu zion Charliek abesti horri, eta guk haren erabakia errespetatu besterik ez dugu behar. Diskoari amaiera ematen dion abestia da, eta "Ilunabar" horrek etapa baten, proiektu baten eta grabazio estudio bateko larunbateko amaiera orduaren azkenak irudikatzen ditu. Nightfall gaian, bakarkako pasarteen ostean, saxo tenorrak eta gitarrak txandaka esku hartzen dute gaiaren melodian, Charlie Hadenek Gonzalo Rubalcabarekin batean ondutako "Nocturne" diskoan grabatuta utzi zuen bakarkako pasarteari bide emanez.

Gai horren osterako utzi dugu, Ghost Track moduan, Child’s Play gaiaren melodia, Hadenek 1988ko "In Angel City" Quartet West laukotearekin jotzeko albumari begira idatzitako kalipsoa . Horrenbesteko malenkoniaren ondorenean mezu positibo bat uzteko ekarri dugu gai hau lan honetara.