Capsularen eguzkiko izkutuak

18 iraila, 2013

Kondairak dio Martin
Guevarak askotan David Bowierekin amesten zuela; eta zer esanik ez ‘Dreaming of
The Rise And Fall Of Ziggy Stardust And The Spiders From Mars’ interpretatzeari
eta grabatzeari ekin ziotenetik, are gehiago. Garai hartan, Krian Music
diskoetxeak bederatzigarren lan luzea den hau bukatzeko data jarri zion
taldeari, baina data bateraezintasunen ondorioz azken bi diskotan ekoizle izan
zuten John Agnellok ezinezko zuen oraingoan parte hartzea. Bitartean,
hirukotearen lagun baten bitartez David Bowieren ekoizle eta laguntzaile estua
den Tony Viscontiri (T-Rex eta beste askoren ekoizle ere izandakoari)
Capsularen kantu berrien demo bat helarazi zioten. Aurreikuspen guztiak
apurtuz, kantuek zerbait piztu zuten Viscontirengan eta berehala lan berria
ekoizteko bere burua eskaini zuen.

Solar Secrets Europako (Gaztelupeko
Hotsak) eta AEBetako (Krian Music) merkatuetarako sortua izan da eta egia da,
Capsula izeneko piztiak bezalaxe, berorrek jasotzen dituela borrokatutako
agertoki guztietan batutako jakinduria eta eraginak. Hala ere, lan honek
aurrekoek baino kutsu amerikarragoa du: glam-a, taldearen kromosomotan beti
presente egon dena, gehiago azaleratu dute, baita dinosauro deitutako talde
handi haien 70eko hamarkadako hard-rocka, Capsularen gisako taldeetan
iraungaitza dena (‘Seven crimes’ tarteka stonerretik hurbil dagoena, bluesetik
abiatzen den ‘Dark age’ eta hazten eta hazten doala psikodeliako lurretan
galtzen den ‘You cannot blame’ ere).

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com