Hemen zaude: Hasiera Albisteak CAPSULA Dreaming of Ziggy Stardust

CAPSULA Dreaming of Ziggy Stardust

2017/05/14

2012. urtean grabatuta eta agortuta zegoen LP biniloaren berrargitalpena. Diseinu berria eta zuzeneko argazkiekin batera.

David Bowieren 1972. urteko diskoaren bertsioa grabatu zuen taldeak  Hobokenen, New Yorken. Capsula taldeak klasiko bat birmoldatzen du garajeko hots psikodelikoekin eta bere abesbatza espazialekin, berariaz gonbidatutako lagunen ondoan (Matt Verta-RayIvan Julian, Chris Cain, Marta Ruiz & Fernando Pardo, Josu Urkidi, Gaizka & Ager Insunza). Dreaming of the Rise and Fall of Ziggy Stardust

 

Ezohiko taldea da Capsula: Argentinan sortu bazen ere, Martin (gitarra eta ahotsa) eta Coni (baxua eta ahotsa) 2000. urtetik Bilbon bizi dira; Euskal Herriko taldeen artean kontzertu gehien eskaintzen dituena da –atzerrian zein bertan–; eta, finkatutako helburuak eta gehiago lortu ditu. Musika modu ia obsesiboan ulertu eta bizi dute; eta horri, transmititzeko eta ikasteko duten gaitasuna gehituta, zuzeneko itzela dute.

Martin Guevarak Buenos Airesen sortu zuen taldea, eta bere heroia den Bowieren Space Oddity-n inspiratutako izena ipini zion. 1998an Sublime argitaratu zuten, punk, pop iluna eta psikodelia batuta. Gerora, Guevarak Coni Duchess ezagutu zuen eta elkarrekin Yudoka diskoa grabatu zuten, AEBetako eta Australiako rock-garage eraginak ditu. 2000an Bilbon kokatu ziren, eta 2002an Capsula lana kaleratu zuten DDT Banaketak-en laguntzaz. Rock eta garage soinuak grungearekin ezkondu zituzten. Gaztelupeko Hotsak-ek hiru lan horiek berrargitaratu ditu berriki.

Bilbo bizileku, Europatik barrena hainbat bira egin zuten, furgoneta eta anpliak ia erre arte, eta hiriz hiri ikusleak eta kritika irabazi zituzten. 2006an Discos Liliput diskoetxeak Songs & circuits diskoa kaleratu zuen. Errepideak eta agertokiek ondu eta gogortu egin zituzten, musikari eta konposatzaile gisa asko hazi ziren, Guevarak Iggyren parera abesten du, eta garage-punk eta noisean murgiltzen dira. Hortik aurrera ez ditu ezerk gelditu. 2009an Bcore Disc-ek Rising mountains kaleratu zuen, Rolling Stone zein Ruta 66 aldizkarien aburuz urteko disko onenetarikoa. Lehenengoz Austingo SXSW jaialdi famatuan parte hartu zuten eta ordutik ez dute inoiz hutsik egin.

2008an Ivan Julian & Capsula izenpean Naked flame (Bloody Hotsak) argitaratu zuten. New Yorkeko musikari-legenda Ivan Julianen (Richard Hell & The Voivods) kantuek osatu zuten lana eta argentinar-bilbotar hirukoteari esker gauzatu zen; 2011n In the land of silver souls argitaratu zuten AEBetan eta Europan. Sonic Youth-ekin lan egindako John Agnellok ekoitzi zuen diskoa.

2012an taldekideen amets handienetako bat gauzatu zen: Bowieren The Rise and Fall of Ziggy Stardust and the Spiders from Mars diskoa zuzenean interpretatu eta Agnelloren laguntzarekin Dreaming of… (Gaztelupeko Hotsak) diskoan hilezkortu zuten.

Bowierekiko miresmenaren zirkulua ixtear dago. Bowieren ekoizle eta laguntzaile den Tony Viscontik Capsularen kantuak entzun eta Solar secrets ekoizteko baimena eman zuen. Diskoa rockeroa da erabat eta kutsu estatubatuarra dauka, glam eta 70eko hamarkadako hard-rocka gehiago azaleratuta, baina barra-barra edaten du bluesetik, stonerretik, psikodeliatik, power-popetik, post-rocketik, garagetik, punketik zein new-wavetik… Izan ere, Capsulak lortu du soinu klasikoa (eta boteretsua) eskaintzearekin bat, modernoa, gaur egungoa ere erdiestea.