Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bilatze lanetan

Bilatze lanetan

2014/02/11

Nevermind taldea  Tree-Sustrairik gabe hirugarren diskoan eraberriturik eta indarberriturik itzuli da. Ezohikoa den instrumentazio eta formazioarekin beraien ikuspegi eta musika propioak egin dituzte hiru musikariek, eta jazzaren soinu abangoardistetan kokatu dute hirukotearen nortasuna

Entzun: Lastoa begian

 

Nevermind Trioren disko bakoitza kapitulu aparte bat da hirukote honen ibilbidean. Gogora dezagun Nirvana taldearen kantuak moldatzeko –eta haiekin batera, 90. hamarkadako bizipenak berritzeko– aitzakiarekin elkartu zirela Hasier Oleaga (bateria), Jorge Abadias (gitarra) eta Aritz Luzuriaga (kontrabaxua). Asmo horretatik sortu zen Nevermind People (Errabal, 2009), hiru musikariek Ainara Ortega kantariaren lankidetzarekin batera grabatutako lehen diskoa, Seattlego taldearen kantuen bertsioez osatua. 

 

Be izan zen hurrengo urratsa (Errabal, 2011), Kurt Cobainen arrastorik gabeko lana, edertasunaren eta askatasunaren bila nahasi edo mugatu dezaketen elementurik gabe ondo entzuna izateko borondate garbiarekin egindakoa. Mikel Laboa, Jordi Bonell edota Wilco gogoan harturik berariaz  sortutako konposizioekin batera, Giovani Batistta Pergolesi eta Modest Mussorgskiren unibertso barroko eta intuitiboa moldatzera ausartu ziren Oleaga, Luzuriaga eta Abadias.

Hirugarren disko honetan, eraberriturik eta indarberriturik itzuli da Nevermind Trio. Alde batetik, kontxabaxuak leku egin dio Julen Izarraren saxofoiari, eta bestetik, The Beatlesen Dear Prudence izan ezik, taldeak berak sortu du errepertorio osoa, eta Timoteo Ozaeta Jalas-ekin grabatu du. Ezohikoa den instrumentazio eta formazioarekin beraien ikuspegi eta musika propioak egin dituzte hiru musikariek, eta jazzaren soinu abangoardistetan kokatu dute Nevermind Trioren nortasuna. Inongo konplexurik gabe eta adorez jorratutako bidean da hirukotea.