Hemen zaude: Hasiera Albisteak Benetan diotsuegu

Benetan diotsuegu

2020/03/24

Hitzak, ahotsak eta haurrentzako ipuinak soilik, ez da beste ezer hemen. Anomalia bat dirudi katalogoko hainbat argitalpen “heldu” eta “konplexuen” instrumentu aniztasun eta teknika erakuste bikainen aurrean. Funtsean, euskal tradiziotik eta literaturatik datozen hitz jokoak, ipuinak, kantuak eta olerki bildumaren elkarketa bat da.  Haurrek entzun eta errepikatzeko pentsatua dago. Baina aldiberean helduei luzatzen diguten gonbitea ere. Ahots eta gorputz osoz jokora eman eta hitzak dastatu, edan eta ukitu ahal izateko. Gozamen osoa. Ez ezazue aukera galdu.  Azalerako ipuinak

Grabaketa berezi honen jatorria liburutegietarako sortutako proiektu batetan datza. Orain dela 7 urte Saroa Bikandik, ahozkotasuna eta haur literatura adin txikikoei eta haien familiengana hurbiltzeko asmoz garatutako ideia baten ondorio da eta 0-3 urte bitarteko ume eta haien kargu dauden nagusientzako zuzendutako saioetan gorpuztu da orain arte. Bertan, ahozkotasuna, poemak, errimak, hitz jolasak, kantak eta haur literatura gorputza eta azalaz baliatuz hurbiltzea da gakoa eta helburua. Baina era berean, haurra laguntzen duen heldua binkulu linguistikoaren garrantziaz jabetzen da, eta baliabide honen bidez konfiantza eta errekurtsoak hartzen ditu bere egunerokotasunera gehitzeko. Binkulu linguistikoa heldua eta haurraren artean, hizkuntza eta kontaktu fisikoaren bitartez sortzen den harreman afektiboa baita.

Proiektuaren egonkortasunak, tailerretan landutako materialei euskarri bat ematea bultzatu ditu Saroa Bikandi eta Peru Madalena, Hegoak lantaldearen izenpean, eta horretarako Etxegiroan ekoiztetxearekin batu ziren eta elkarlanean sortu, amestu, ekoiztu eta diseinatu dute  egitasmo  hau.

Jazz/Blues , moldeetara ohituta dauden belarri eta begiek, adin txikikoei esklusiboki eskainitako sail berri baten hasera izango delakoan ez diote ziurrenik jaramonik egingo. Kuriostasunez besterik ez bada ere, eskaini iezaiozue zuen denbora preziatu horren zatitxo bat eta nekez damutuko zarete, ordea. Lehen uneetako ohiko irribarre konplizearen ondoren eta “segundo batzurekin nahiko dut” pentsatuz, bertan behera utzi aurretik,  heldu entzunaldiari beste une motz batez eta pixkanaka heldutasun irmoaren eskema fosilizatu guztiak desegiten eta urtzen hasiko zaizkizue. Abesti, kontakizun eta hitz joko haiek berberak errepikatzen zituen umea zuen barnean pizten sentitu eta gozamen hutseko jokora eman zure belarriak,  hitz bakoitza estreinako aldiz ahoskatu eta barneratzearen plazer hutsera bideratuko da zuen atentzio guzia. Inoiz irudikatu ez duzuen plazer musikal konplexu, heldu, sofistikatu eta erabatekoenera. Benetan diotsuegu.