Hemen zaude: Hasiera Albisteak ALEX TNT: Musika beltzaren esparru zabalean murgiltzen den diskoa

ALEX TNT: Musika beltzaren esparru zabalean murgiltzen den diskoa

2009/03/02

Alex TNT berak sorturiko hamabi kantu biltzen ditu Change my style; bluesa egon badago, baina pieza askok funk eta soul aldera jotzen dute. Kantu sendo eta beroak dira, diskoari izenburua ematen diona bezala. Bestetan oinarri erritmiko bikain batek -non hip hop musikaren scratch-ak erabiltzen dituen- sostengatzen ditu kantuak, eta tarteka haize atalaren laguntza dute. Baina sentimenduz beteriko baladak egiten ere trebea da Alex. Gitarrista handia izateaz gain, konpositore gisa heldutasunera iristen ari dela baieztatu du soinu bikaina duen lan honekin.
Diskoak DVD bat ere badakar alboan, non Alex TNTren zuzeneko emanaldi bat eta Alexi berari zein taldekideei egindako elkarrizketak ikus eta entzun daitezkeen. Martxoan gure artean zuzenean entzuteko parada taldekide bikainek lagunduta. Diskoa erosi

Musikarekiko errespetua eta eboluzioa dira Alex TNT ondoen ezagutzen dutenek, alegia, harekin orduak eta orduak jotzen igaro dituztenek -igandero Bartzelonako Jamboree aretoan jotzen du, eta hainbat herrialdetako agertokietara igo da (Belgika, Holanda, Luxenburgo, Portugal, Kanada, AEB, Alemania...)- Bartzelonan jaiotako musikari gazte honi buruz aritzerakoan gehien ahoratzen dituzten hitzak. Artean haurra zelarik hasi zen Alex Alvarez bluesaren maisu handien diskoak entzuten, Steve Ray Vaughan, Albert King, B.B. King, Howlin' Wolf, Johnny Guitar Watson eta beste askorengandik ikasitakoa praktikara eramaten hazi zen musikari gisa, eta tradizioaren ezagutza sakonetik ari da eraikitzen bere ibilbidea Alex TNT izenpean. Bluesa ez ezik, musika beltzaren bestelako doinu eta artistek ere zizelkatu dute Alexen nortasun musikala (soul, rhythm&blues, funk, jazz, James Brown, Prince, Sly Stone, Otis Redding, Etta James, Stevie Wonder...), baita nerabezaroan entzundako pop izar garaikideek ere, Dire Straits eta Mark Knopfler kasu.