Hemen zaude: Hasiera Albisteak Aldapeko Basque Latin Jazz

Aldapeko Basque Latin Jazz

2021/06/24

Euskal doinu herrikoiak son, runba, cha-cha-cha edota bolero erritmoz eta jazz janzkeraz aurkeztuak. Laburrean eta funtsean, hori da “Iri barrenetik” eskaintzen duen nahasketa bitxia. Baina atentzioa eta kuriositatea pizteko aitzakia hutsa dela pentsatu aurretik, doinu kutsakorrez betetako bilduma fin honi merezi duen entzunaldia ematea komeni da. Aldapeko Basque Latin Jazz taldearen lehen emaitza.

Erritmo alaiek aldaka astintzera gonbita egiten duten bitartean, euskal dantza herrikoiak mundutik bidaian irudika ditzakezu. Geltoki bakoitzean, jantziz, mintzoz eta ohituraz aldatuaz, bertakoengandik ikasiz eta erakutsiz ere. Gure betiko doinuak izaten jarraitzen dute eta aldi berean, berriak zaizkigu. Inoiz Euskal Herrian izan ez denarentzat eta bertako abestiak ezagutzen ez dituenarentzat, latindar kutsuko doinu gozoak irudituko zaizkio. Euskaldunok, ordea, inoiz irudikatu ez dugun edertasun berri batez sumatuko ditugu ustez zaharkitutzat zituen doinu guzti haiek.

 

 

Ideia zoro honen eta konposizio eta grabaketa prozesuaren eragile nagusia Imanol Iribarren piano eta tronboi jole gaztea da. Donostiako jazzaldian Reunion Big Band, Flan de Mono edota Gonzalo Tejadaren taldean arituta, 2017an eman zion hasiera Aldapeko Basque Latin Jazz izeneko ekimen honi Imanolek, Herbehereetan zebilela, Rotterdameko Codarts, University of the Arts kontserbatorioan, euskal doinu eta erritmo latinoen uztarketa arakatuz. Bertan landutako jazz eta inprobisaketako masterraren amaierako azterketarako sortu zuen, hain zuzen ere, Aldapeko Basque Latin Jazz taldea, jatorri ezberdineko musikari gazteen nahasketa eginez ideia zirraragarri horren inguruan. Hala nola Imanolen pianorekin batera, Patricia Mancheño: Baxu elektrikoa.  Manu Pinzón: Bateria.  Eva Catalá: Kongak eta perkusioa.  Peio Irigoien: Txistua, dultzaina eta tronpeta.  Asier Ardaiz: Tronpeta.  Alvaro Jarauta: Tronboia.  Iñigo Corao: Tronboia. Imanolen tankerako eta jakinmin eta talentuz betetako musikari gazte sorta ederra. Emaitza horren gustukoa izan zuten, denok ekimenarekin aurrera egitea erabaki zutela. Eta azkenik, hemen da grin horren emaitza, Victor Sanchez-en kontrol teknikoen pean 2021ko Otsailean Donostiako Elkar Estudioan grabatutako “iri barrenetik” estreinako disko honen bizitasun koloretsua inoiz baino freskoago eta kitzikagarriagoa sentitzen da une itxaropentsu honetan.