GASTEIZ BIG BAND : lehen grabazioa biniloan
Apr 01, 2009
Biniloa. 10 hazbetekoa. Eta zuzenean grabatua. Horra hor Gasteiz Big Band en lehen merkaturatzearen emaitza, ondoren etorriko den diskoaren aurrekari modura. Aukera erakargarria da formatuari dagokionez, eta egiazkoa nahiz bizia grabaketa moldeari erreparatuz gero. Zuzenekoaren bizitasuna harrapatu nahi izan dute, taldearen izpiritu bizizale eta dantzagarrairen adierazgarri. Live In Nájera du izenburu lanak, 2008ko abuztuaren 1ean Nájeran /Araba) emandako kontzertuan zuzenean grabaturiko piezak bildu dituzte eta. Monty Normanen The Big Bond eta Perez Pradoren Mambo 5.5 pieza sonatuen bertsio erakargarri eta landuak dakartzate lehen lan honetan.
Estreinako lana izanagatik, ez da esperientziaz urri dabilen banda. 1996an abiatu zen, eta hasieratik izan zituuen izaera eklektikoa eta asmo ausarta. Jazzaren klasikoetatik (Count Basie, Duke Ellington, Charles Mingus...) edateaz gain, zinemako musikaren errepertorioa bere egiten du eta jazzetik hurbil diren beste zenbait genero (funka, soula, musika afrokubatarra...) ere laztantzen ditu. Big Band handien klasikotasunaren eta asmo izan berritzaileagoen uztarketak talde berezi egiten dute Gasteiz Big Band. |
|
