Hemen zaude: Hasiera Albisteak aiene eder kulunkariak

aiene eder kulunkariak

2016/10/24

Zerbait ari da gertatzen, hor.  jarri dio izenburua Txuma Murugarrenek bere bakarkako zazpigarren diskoari. Abesti berrietan kantaera eta ahots kraskatua, berea eta soilik berea duen tempo bereziko fraseoa, eta inoiz baino sendoago ageri den taldearen soinu trinkoa entzun ditzakegu. Eta emaitza, gutxien-gutxienik, erakargarria da.

 

 

 

 

 

Nahita ere ezinezkoa gertatzen da Murugarrenen luma iradokitzaileari, hitzekin datozen istorio identifikagarri horiei ez erreparatzea. Garai ilunberok ere erraztu egin diote idazketaren bidea, baina hitzak aurkitu egiten ditu hark, bidean azaltzen zaizkio nonbait. Apurrak galtzetan lehen kantuaren hasiera da hau: “Badakizu zein den biderik malkarrena, non dagoen mina uzkurturik, non irauten duen sukarrak, istripuaren osteko une nahasietan arima irteten da sute batetik ihesian bezala, urik ez dago, bihotza ito da”. Eta honela dio Uda usaina izenekoak:  “...Zuk ez al duzu berdin sentitzen? Ez dugu gure lekua inon topatu. … Esan nahi dut, ez diogula elkarri bakardadea eman besterik, uzta oparoa izango zelakoan lokartu ginen atzeko aterpean”. Eta Atzoko zerraldoa kantuko pasartea da beste hau: “Leihotik begiratzen dizut, eta ez zaude jada, gauak jan zaitu, eta goiz elbarri honetan txori bitxiek zaramatzate, hegan”. Baina dena ez da hitza. Gehitu horri guztiari Murugarrenen kantaera eta ahots kraskatua, berea eta soilik berea duen tempo bereziko fraseoa, eta inoiz baino sendoago ageri den taldearen soinu trinkoa —guztiek elkarrekin grabatzearen ondorio?—. Emaitza, gutxien-gutxienik, erakargarria da.

 

Erdi tempoko poparen, rockaren eremua bere egin du egileak; baina badira ñabardura gehiago. Country-folk anglosaxoiaren lurraldera arrimatzen da zenbaitetan; zein ederrak Gaizka Isunzarekin (Audience) egindako duoak Dirua falta zaigu-n: “Ura igaro da kaleko zirrikituetatik barrena, eta idortu zaigu lurra, promesa guztiak zimeldu, eta agian joateko ordua da honez gero, orain arte konturatu ez banaiz ere”, diote. Erritmo bizigoakoa —diskoko biziena— da diskoari izenburua ematen dion Zerbait ari da gertatzen hor, zeinetan eszena zenbaiten deskribaketa egiten den tonu jostari bezain kritikoan: “...”Elliot Smith ari da klubean kantari, kea dago inguruan, beti kea. Eta jendearen usaina, errealitatearen usaina, aita galduaren usaina, amaren eskuena, eta horretan zaudela txantxetan dator zerbitzaria: 'Gaur  ez du bandak joko —dio— abeslaria zeharo mozkortu da eta komunean oka ari zela puskatu du kopeta konketaren kontra. Odola dago oraindik, nahi baduzu ikusi'”.

 

Power poparen eta post-rockaren oihartzunak (Apurrak galtzetan), blues gaurkotua (Bagoaz hemendik), hiriko klub batetik aterea dirudien pop-rocka (Egun handia eta Uda usaina; biak Isunzarekin kantatuz, eta baxu eta haize instrumentuen ahaire sendoarekin lehenengoan)... eta diskoari amaia ematen dion Poz biribila pop soilekoa, erritmoaren bixia eta letraren malenkonia kontrastean jartzen dituena: “Bide bakartiak nahi ditut, ihes egiten ikasteko, mendien arteko ataka sakonetan arrats aldean, argiak kolorerik lausoenak ematen dituenean.”

 

Alferrik deitoratzea kantu biribil eta adierazkorrean esaten du “Denborak jipoitzen zaitu uste baino gehiago, biluztu eta umildu zure egiazkako tamainara egokitu”. Zintzotasuna dute Murugarrenen hitzek, zenbaitetan min ere ematen duen zintzotasuna. Entzuteaz aparte, usaindu eta sentitu egiten dituzu kantuak; denbora eta espazio jakin bati erantzuten diote, baina ahaire atenporal bat hartzen dute. Kantuok Murugarrenen egiazko tamaina ematen dutelakoan nago. Eta erratzeko beldur handirik gabe esan liteke bere ibilbideko kantu ederrenetako batzuk sortu dituela oraintxe, bakarkako Nire leihoak (2000) lehen disko atera zuenetik 16 urte igaro direnean, eta berak 50 urteak pasatu dituenean. Zerbait ari da gertatzen etengabe hor bere barrenean, eta berak badaki gertatzen den hori atzeman eta hortik kantuak egiten, baita kantuentzat hain nekez eta trakets diruditen garaiotan ere.