Adi Holden : disko berria kalean
Adi Holden laukotea osatzen duten musikari gehienak punk-rocka eta rock gitarreroa lantzen zuen Cool Panic taldetik datoz. Pop-rock, noise eta post-rock etiketak besterik ez dira, baina gogora ekartzen dizkiguten hurbileko talde batzuk aipatzearren, Cancer Moon, Ama Say, Ironic Cancer Phobia, Screamin Trees eta Sonic Youth, besteak beste, ezin dira ahaztu.
Danbaka musika lehiaketan, Debagoieneko talde onenaren saria eskuratu zuten; eta disko hau da horren emaitza.
Cool Panic bertan behera utzi eta erregistroz erabat aldatuz, Ama Say taldearen kantu bat deituratzat hartu dute. Hala, hainbatek adinean aurrera egin ohi duten moduan, bergarar hauek euskara berreskuratu egin dute; sasoian modan zegoen ingelesa alboratuta; eta, aldi berean, ingurukoari, berezkoari, gehiago erreparatzen hasi dira; hitzak eta bizipenak sinesgarriagoak, barrukoagoak, egin eta erakutsi nahian.
Nahiz eta oraindik bizkarrean kontzertu gutxi eginak dituzten, musika biziki sentitzen dute eta era berean esperimentatzea eta sentitzea da beraien nahi nagusiena. Horregatik, ez dituzte bi kontzertu berberak egiten eta agertokia gozatzen saiatzen dira.

