Hemen zaude: Hasiera Agenda Mugaldekoak

Mugaldekoak

Zer
Noiz 2017/12/07
07:30 pm
Non Igantzi, Barantzondo
Gertakaria egutegira gehitu vCal
iCal

 “Duela hamalau urte elkarrekin gertatu ginen mugaldean, Berako aduana zaharrean. Zimurtu zaigu pixka bat larruaren jantzia geroztik, eta buruko ilea bakandu. Nolanahi ere, musika eta literatura senidetzeko gogoak bildu gaitu berriz. Hirugarrenez”. Taldeak berak gogora dakarkigu, diskoa entzuten hasi orduko, noiz, non eta zertarako elkartu ziren Edu Zelaieta idazlea eta Beñardo Goietxe eta Raul Garcia musikariak. Zelaietak berak argitaratutako Mugaldekoak (Susa, 2004) poema liburua abiapuntu gisa harturik, poesia eta sustraidun musika (folka, countrya, bluesa, rocka...) uztartzeko proiektua jarri zuten martxan. Asmo horrek gidatu du taldearen jarduna gaur arte, eta Galdemoduen trilogia, taldearen hirugarren diskoa, beste urrats bat da norabide horretan.

 

Gehienbat akustikoa eta folk ildokoa zen lan soil eta biluzi baten ostean —Biziago sentitzeak dakarren muga inguruan (Gaztelupeko Hotsak, 2006)—, nazioarteko herri kantutegia euskarara moldatzeko gaitasuna erakutsi zuen taldeak Begiak lekuko bigarren diskoan (Gaztelupeko Hotsak, 2012), zeinean besteak beste Vashty Bunyan, Leonard Cohen, Bob Dylan, Johnny Cash, Jose Afonso edota Conjunto Bernalen kantuak egokitu zituzten modu guztiz sinesgarri eta koherentean.

 

Galdemoduen trilogia-n, nolabait hastapenetara itzuli da Mugaldekoak. Alde batetik, jatorrizko hirukote formatua berreskuratu du —Begiak lekuko-n Mattin Sorzabalbere baxu jolea batu zen taldera—, baina inoiz baino laguntza handiagoa izan du grabazio estudioan. Xavi Perez ‘Bull’ baxu joleak (Inadaptats) eta Ander Barrenetxea bateria joleak (Morau eta Agotak, Juan Mari Beltran) osatu dute oinarri erritmikoa, eta hainbat kolaboratzailek kolorea eman diete abestiei: Morau, Petti eta Idoia Gillenea ahotsetan aritu dira, Kotte Berrueta akordeoiarekin, Begoña Rudi pianoan...

 

Kontzeptu aldetik ere Galdemoduen trilogia gertuago dago lehen diskotik bigarrenetik baino, bertsioak baztertu eta konposizio propietara itzuli baita taldea. Wislawa Szymborskaren poema bat salbu —aurreko bi diskoetan ere agertu zen poeta poloniarra—, Edu Zelaietak sortutakoak dira testu denak. Kritika soziala nagusitzen da letretan, baina umore eta bizitzaren plazeretarako tarterik ere badago. Doinu gehienak berriz, Raul Garciak eta Beñardo Goikoetxek sortu dituzte, eta sustraidun musikaren inbentario moduko bat osatu dutela esan liteke, taldearen hastapenetatik Mugaldekoekin erabat identifikagarria den folk-rock ildoari (Bizitzeko inbentarioa, Etsaia) beste hainbat joera gehitu baitizkiote. Bertan aurkitu daitezke Tom Waitsen giro uherrak (Hurrup!), Pascal Comeladeren jostailuzko bihurrikeriak (Nire balentriak ez bezala), folk ingelesa (Bi kopa), rockabilly peto-petoa (Onddo bila), tex mex baladak (Orabideko errekako balada), Mississippiko bluesa (Emazteki langilea) edota mugaldeko atmosferadun spoken word-a (Astro-H).

 

Estilo aniztasun horri gehitzen badiogu konposizioak borobilagoak direla eta moldaketetan arreta eta zaintza berezia jarri duela taldeak, ondorioztatuko dugu Galdemoduen trilogia dela Mugaldekoen orain arteko lanik sendoena.

« Urtarrila 2018 »
Urtarrila
AlAsAzOgOrLrIg
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031