Hemen zaude: Hasiera Agenda Eva Alcaide

Eva Alcaide

Zer
Noiz 2022/07/22
10:15 pm
Non Donostia, Jazzaldia (Fnac)
Gertakaria egutegira gehitu vCal
iCal

 

Itsasaldien taupada soraioetan, tai gabeko higiduretan abandonatzea. Zer garen akordura ekarri behar dugun oroz, inspirazioa da itsasoa, goihatsa, bere baitan hartzen gaituen jatorria. Arnasari eustea geure bihotzaren pilpira isiltasunik  gardenenean entzun dezagun, korronteak kulunka gaitzan harekin bat eta bakarra izateko.

 

 Eva Alcaidek artista askorekin kolaboratu ohi du eta, zuzeneko eskarmentu handia izateaz gain, aipagarrizko historia akademikoa dauka. Torrelodoneseko Udal Musika eta Dantza Eskolan gitarra klasikoan hasi zenetik SortzeMusika Eskolan ibili zen, musika garaikidearen esparruetan murgilduz. Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, Musikenen, jazz gitarran sakondu eta lizentziatu zen. Gero Eskoziako Errege Kontserbatorioan sendotu zuen prestakuntza, master bat eginez Jazz Gitarraren Interpretazioan.

 

 Garai horretan hasi zen umotzen Dive into the Sea, eta horretarako ospe handiko lau musikari ezagun izan ditu ondoan, elkarren arteko lotura nazioartean erreferentzia eta bikaintasunaren bermea den Musikene Zentroan kokatzen ahal dugula. Gitarrajolea madrildarraz gain, Irati Bilbao, Begin proiektuko liderra daukagu boskotean. Durangaldeko abeslari hau erreferentea  bihurtu zaigu azkenaldian, 2020an izen bereko lehen lanaren argitalpenari esker. Jorge Fernandez pianojolea, ibilbide luzeko  beste artista bat, No Land Trio proiektuaren egilea izateaz beste. Taldea osatuz, Carlos Montull baxuan, irakasle lanetatik at ezin konta ahala artistaren laguntzaile, eta Aitor Bravo bateriajole malgua, Triology, No-Land Trio eta Jeronimo Martinen taldearekin diharduena, bestek beste.

 

 Dive into the Seak ekoizpen bikaina dauka. Egungo jazzaren kutsua duten soinu sakonetan murgiltzen da, beste eragin anitzetatik ekartzeko tradiziotik hastandu gabe. Ñabarduraz eta kolorez betea, etorkia itsasoan eta itsasoaren ikonografian daukala, Eva Alcaidek ikasle urteetan idatzitako konposizio bilduma bikain baten aurrean gaude. Fresh start-en Irati Bilbaok ahotsean eta Eva Alcaidek gitarran egiten dituzten joko melodiko eta bateratuetatik hasi,  Budelli Island edo In these hallways-en egitura zikliko eta oroigarritik iraganik Movement at the coral reef-era iritsi arte, taldearen kohesioak ur paisaietara garamatza musika garaikidean barrena, bere-berea duen hots jarioan. Pat Metheny eta Ben Monderren oihartzunak Eva Alcaideren maisutasun instrumentalean, melodia urdin-berde osoak marrazten dituela The Peacocks-en, Naima erritmikoaren protagonista izateko eta aldi berean talde osoaren konplizitatea agerian uzteko. Gehi Dive into the sea homonimoarekin azkentzeko.

 

 Itsasaldien taupadak, tai gabeko higidurak. Eva Alcaidek maisuki margotzen du itsas koloreko isiltasun erabatekoa, bihotzaren pilpira isiltasunik gardenenean entzun dezagun, korronteak kulunka gaitzan harekin bat eta bakarra izateko. Dive into the sea, horra hor froga.

 

 

« Abuztua 2022 »
Abuztua
AlAsAzOgOrLrIg
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031