CAPSULA Dreaming of Ziggy Stardust

14 maiatza, 2017

Ezohiko
taldea da Capsula: Argentinan sortu bazen ere, Martin (gitarra eta ahotsa) eta
Coni (baxua eta ahotsa) 2000. urtetik Bilbon bizi dira; Euskal Herriko taldeen
artean kontzertu gehien eskaintzen dituena da –atzerrian zein bertan–; eta,
finkatutako helburuak eta gehiago lortu ditu. Musika modu ia obsesiboan ulertu
eta bizi dute; eta horri, transmititzeko eta ikasteko duten gaitasuna gehituta,
zuzeneko itzela dute.

Martin Guevarak Buenos Airesen sortu zuen taldea, eta bere heroia den Bowieren
Space Oddity-n inspiratutako izena ipini zion. 1998an Sublime argitaratu zuten,
punk, pop iluna eta psikodelia batuta. Gerora, Guevarak Coni Duchess ezagutu
zuen eta elkarrekin Yudoka diskoa grabatu zuten, AEBetako eta Australiako
rock-garage eraginak ditu. 2000an Bilbon kokatu ziren, eta 2002an Capsula lana
kaleratu zuten DDT Banaketak-en laguntzaz. Rock eta garage soinuak grungearekin
ezkondu zituzten. Gaztelupeko Hotsak-ek hiru lan horiek berrargitaratu ditu
berriki.

Bilbo
bizileku, Europatik barrena hainbat bira egin zuten, furgoneta eta anpliak ia
erre arte, eta hiriz hiri ikusleak eta kritika irabazi zituzten. 2006an Discos
Liliput diskoetxeak Songs & circuits diskoa kaleratu zuen. Errepideak eta
agertokiek ondu eta gogortu egin zituzten, musikari eta konposatzaile gisa asko
hazi ziren, Guevarak Iggyren parera abesten du, eta garage-punk eta noisean murgiltzen
dira. Hortik
aurrera ez ditu ezerk gelditu. 2009an Bcore Disc-ek Rising
mountains
kaleratu zuen, Rolling Stone
zein Ruta 66 aldizkarien aburuz urteko
disko onenetarikoa. Lehenengoz Austingo SXSW jaialdi famatuan parte hartu zuten
eta ordutik ez dute inoiz hutsik egin.

2008an Ivan Julian & Capsula izenpean Naked flame
(Bloody Hotsak) argitaratu zuten. New Yorkeko musikari-legenda Ivan Julianen
(Richard Hell & The Voivods) kantuek osatu zuten lana eta
argentinar-bilbotar hirukoteari esker gauzatu zen; 2011n In the land of silver souls
argitaratu zuten AEBetan eta Europan. Sonic Youth-ekin lan egindako John
Agnellok ekoitzi zuen diskoa.

2012an taldekideen amets handienetako bat gauzatu zen: Bowieren The Rise and Fall of Ziggy Stardust and the
Spiders from Mars
diskoa zuzenean interpretatu eta Agnelloren
laguntzarekin Dreaming of… (Gaztelupeko Hotsak)
diskoan hilezkortu zuten.

Bowierekiko miresmenaren zirkulua ixtear dago. Bowieren ekoizle eta laguntzaile den Tony Viscontik
Capsularen kantuak entzun eta Solar secrets
ekoizteko baimena eman zuen. Diskoa rockeroa da erabat eta kutsu estatubatuarra
dauka, glam eta 70eko hamarkadako hard-rocka gehiago azaleratuta, baina
barra-barra edaten du bluesetik, stonerretik, psikodeliatik, power-popetik,
post-rocketik, garagetik, punketik zein new-wavetik… Izan ere, Capsulak lortu
du soinu klasikoa (eta boteretsua) eskaintzearekin bat, modernoa, gaur egungoa
ere erdiestea.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com