Hemen zaude: Hasiera Agenda Ansorena & Senperena

Ansorena & Senperena

Zer
Noiz 2021/04/09
07:00 pm
Non Beasain, Igartza jauregia
Gertakaria egutegira gehitu vCal
iCal

 

EUSKAL DANBOLINAREN AROAK

Danbolina deitu izan zaio mendeetan tresna bikote bati: esku bakarrez jotzen den txilibituak eta beste eskuaz astintzen den danbortxoak osatutakoari. Jatorri jakinik ez duen arren, badakigu XII. mendearen inguruan asmatu zela Europan eta berehala zabaldu zela herrialde guztietan barrena. Geroago mundu zabalean ere hedatu zen. Arrakasta handia lortu zuen eta tankera guztietako festetan partehartzaile izan zen: jauntxoen jauregietan zein herri xehearen dibertsioetan. Horrela erakusten dute antzinako margolanek, grabatuek eta bestelako hamaika agerpen artistikok. XIX. mendetik aurrera gainbehera izan zuen, inguru batzuetan ez besteetan. Azken horietako bat Euskal Herria da, non, Ilustrazioaren eraginak, herriaren zaletasunak eta gorabehera historiek izen berezia eman zioten, txistularia, eta, garaien arabera, funtzio eta sona aldagarriak izan dituen.

Laburrean esandako hau ez da oso ezaguna, txistularia gure tradizio zaharreneko musikari ikur izan arren. Oso irudi partzial eta topikoa zabaldu delako: sarri entzun izan da La Euskadi de txistu y tamboril erdeinuzko esaera. Baina euskal danbolinaren errealitatea askozaz zabalagoa eta aberatsagoa izan da, testigantza historiek agertzen dutenez. Eta antzinatik beste tresnekin batera musika kultuaren jardunean aritu izan da, konpositoreen eta musikari handien arreta erakarri izan duelarik.

Gure lanak errealitate historiko aberats horren ezagutza zabaldu nahi du, era artistikoan, egungo belarrietara erakargarri izan daitekeen sortze lan baten bitartez. Hortik izenburua: Euskal danbolinaren aroak. Eta asmo horretan danbolinak pianoaren laguntza izango luke, harmoniaz osatzen doinu eta erritmoen soiltasuna. Bikote emankorra baita horrela sortutakoa.

Lehenengo atalean, XVIII. mende arteko euskal danbolinaren hotsa jasoko du. Horretarako  1827an Juan Ignazio Iztuetak jaso zituen soinu zaharrak —berrehun bat urte atzera eramaten dutenak— abiapuntu hartuta, aritzea da asmoa Dugun danbolin zaharraren eredu onena delako. Bigarrenean —euskal txistua finkatzen den garaia— Humboldt antropologo jakintsuari Euskal herritik, 1802aren inguruan, bidalitako txostenaren (De la música del País Vascongado)  irizpideak erabilita, beste aro honetako gure txirularen hotsa landuko da. Hirugarrenean, XIX. mendearen amaierako danbolin profesionalen jotzeko manerak landu nahi dira, horretarako Fernando Ansorena Izagirre, Valmasedako Udalaren txistulari hernaniarra izan zenaren bildumak eskaintzen duen gidaritza baliatuz. Eta laugarrena, oraindik bizirik dagoena, Euskal Herriko Txistularien Elkartearen bitartez egindako lanaren ondorioz, hots berrien bidea ere jorratuko da.

Lan honek eskatzen du kriterio zorrotzak izatea obren sortze lanari ekiterakoan eta, besteak beste, tresna desberdinak (tamaina, hotsaren eite eta afinazio aldetik) erabiltzea garaian garaiko kutsua islatzeko. Baita aro desberdinen jotzeko manerak ere egokiro interpretatzea. Eta horien kako nagusiak egun entzulearentzat ulergarri bihurtzea.

Egileen asmoa litzateke 2021eko udaberrian sortze lana burutua izatea eta, aukera izanez gero, garaitsu horretan ere publiko aurreko lehen emanaldia egitea.

« Apirila 2021 »
Apirila
AlAsAzOgOrLrIg
1234
567891011
12131415161718
19202122232425
2627282930