|
Baina etxera gatoz. Campionen Erraondoko danborilaria bezala, ez dugu kanpoan hil nahi. Gure haurtzaroko oinek ibili zituzten bideen bila abiatzen gara. Bide gara, oin gara, harri gara. Baina gure bideak ez dira gaztelu bidean hiltzen, gure oinek ez dakite atsedenik hartzen, ez gara horma zaharrean geldirik egoteko harri. Kanpoan ibilitako bideak ere gure dira, atzerrian maitatu ditugun gorputzen oinak gure oinak dira, erbesteko harrien beharrean gara herri izan nahi badugu.
Iņigo Aranbarri.
Zoazen tokira zoazela
Ekarridazu harri bat
Ekarridazu harri bat
Hilobi musulman eder bana egin diezaiogun
Edonora zoazela
Gure bihotzen lubaki gorri bakoitzari
Ez dezaten nekarazten baino atsedenik har
Igitai eiteko ilbehera berdea
Mailua baino arinagoa izarra
Ihes guztietan lagun izanen dugun
Lurra arin dakigun
Uraren azalean edonora zoazela
Kolore biziz margotzeko nahi nituzke neuk ere
Hangoak eta hemengoak
Lauak eta akastuak
Margolari vudu baten mozkorraldia
Biluziegi zaizkidan harrien azala janzteko
Museo bitxi bat koronel guztien iraingarri
Baina motelduak ditut behar nituzkeen denak
Eta euriak bezain higaturik zikintzen naute
Zoazen tokira zoazela
Ekarridazu harri eder bat
Hodei oparo bat jar dezadan
Gure bakardadezko Boavista gorriaren gainean
Harri soil bat
Oroimen kolpe garratza
Ontzi harro bat egin diezaiodan gure egonminari
Zoazen tokira zoazela
Zoazen tokira zoazela
Etzazu ahantzi egundo nire harria
Hilobiak harrizko hodei baten beharrean dira
Hodeia eta harrizko ontziaren harrotasuna
Uhin beltzei branka gogor ematen
Inoiz ahanztiko ez dudan argazki ederra
Inoiz azalduko ez dizudan hizkuntza
Ekarridazu harri bat
Inon ez diren herrietara zoazenean
|