|
Lohiaren zalantzaz jantziko gara hautatu dugun bidean aurrera goazela
Eta bidean, maitatzen ikasi dugun bezala ikasi dugu desmaitatzen
Gure oinek beste batzuekin ikasi dute ibiltzen
Beharra zuten
Ez gara bakarrik ibiltzeko jaio
Eta horrela, behin eta berriro ekiten diogu lagunarekin ibiltzeari
Aurrez bidea bi bide egingo direla ondo dakigun arren
Miren Agur Meaberen poema lagungarri zaigu:
Izurdeen dantza edota limoien lurrina ipar haizetzan
zeuretzen duzun legez,
hitz totelok ere asmatzen dizkidazu
lehenagoko gure amodioak lanbropean gaurkotzean.
Nire irribarrea erraz dator
euriaren bits urdinak kosta gardentzen duen egunetan.
Terrala firi-firi dabil etxeko leihoetan.
Urrundu zinen nigandik, urrundu zinen
baina beste batzuen gorputzean neurea zara oraindik.
Eskuetako marretan laburbildurik dakarzun bidaian,
isiltzen dudan guztiaren karta geografiko purpuretan
keinuka dugu antsien durundia,
betilore terrible baten mehatxua eta eztanda.
Nik zuri txera egitea ez da zaila
laino keantzak isla tristea blaitzen duen egunetan.
Hormabelar apala tantaka dago teilartean.
Urrundu zinen nigandik, urrundu zinen
baina beste batzuen gorputzean neurea zara oraindik.
|