|
Gure herria handia da bere txikian
Gure herria txikia da bere handian
Esan nahi da kontraste horretan urrats asko behar direla batetik bestera joateko
Urrats asko osorik zeharkatzeko
Ttipi-ttapa, ttanpa-ttanpa, tur-tur
Zubi gainetatik zeharkatu behar izaten ditu ibaiak
Ttiki-ttaka, toko-toko, txapa-txapa
Hibietatik muinoak,
xirriki-xarraka
larreak,
Mendateetatik tontorrak
Abiadura bizian autobideak, hiriak
Halaxe zeharkatu beharko ditu guztiak bizi nahi badu
Urratsak eta oinak, pausuak eta lorratzak
Beti egiteko dagoen herri bat egiteko
Hala da, definizioa behar duen herria da gurea
Horretan ahalegindu zen Joxe Azurmendi 1968an
Parisen ikasleak kalera eta Ezkerraldean langileak grebara ateratzen ziren bitartean
Manifestu Atzeratua poeman
MANIFESTU ATZERATUA
Panfleto bat idatzi nizun
kondenatu nahi banauzu
injustiziarik kometa ez dezazun
Gure herriak ez dauka kondairarik.
Pobrea da. Ez dauka
pirata koxkor pare bat
langile sofritu batzuk,
muga zentzugabe asko,
mila zorigaizto
besterik. Ez da gutxi.
Euri gortina batek ixten du
gure kalendarioa.
Ez, ba, bilatu kondaira unibertsalen
liburu handietan gure inperiorik.
Aginako zero bat zen
gure inperio guztia.
Ta euskalduna konforme zegoen.
Ta libre izan nahi zuen.
Baina libre izatea
gauza ikaragarri zaila da
Marx bat
edo 1789 bat izan ez duen
herri zorigaiztokoarentzat.
Zerekin pagatu behar du?
Ikaragarri zaila da.
Ze guk ez daukagu
pirata pare bat, langile on batzuk,
muga txar gehiago eta holako zerbait
besterik. Kalderilla hutsa.
Baina libre izan nahi dugu,
zer kulpa daukat nik.
Eta San Inazioren, Xabierren, Txurrukaren
eta Elkanoren eta Habeas Corpusen
eta nik dakit noren
gomendio guztiak biltzen
eta banatzen
saiatu zaizkigu gure kausaren
abokatuok. Libre izateko
inoren baimenik beharko balitz bezala.
Herri izateko inoren gomendiorik
beharko bagenu bezala.
Horiek libertaterik
ekarriko baligute bezala.
Ta ez horiengatik, ezpada
guzti horien kontra
nahi dugu libre izan
kondaira guztiaren kontra.
Baina libertatea ez merezi,
irabazi egin behar da,
ez kondairaren, ezpada
gizonaren eta
etorkizunaren aurrean.
Eta gure herriak ezin du irabazi.
Hau guztia esan ta gero
ez da faltako oraindik
ez dugula maite aberria
botako digunik. Aberriaren maitasuna
(goizeko ordu bietan ari natzaizu idazten)
poltsikoan eramango balitz bezala.
|