|
|
|
Bar Puerto. Bazterreko ahotsak. Kostaldeko herri guztietan dago Bar Puerto deritzon taberna bat. Hara biltzen dira marinelak eta portuko langileak atseden hartzeko. Hango istorioak jasotzea, aspaldiko asmoa. Istorioak asko baitira munduan eta gutxi batzuez ohartzen gara soilik. Mundu guztiak dauka istorio on bat. Bar Puerto. Bazterreko ahotsak.
Aurreko eguneko ametseko zabortegia Buņuelen liburuko irudi bat zela konturatu naiz. Los Angelesen ikusi zuen berak zabortegi eskerga eta Man Rayrekin batera film bat egitea otu zitzaion. Mundu berri bati buruzkoa. Ametsei buruz galdetu ziotenean Buņelek erantzun zuen ahal izanez gero egunean hogei ordu igaroko zituela berak ametsetan. Baldintza bakar batekin: gero oroitzen baldin bazituen. Izan ere ametsak ez dira bizi oroimenean ez bada.
Auzoa hutsik geratu da. Ezer ez dira etxeak jenderik gabe. Arrotzak dira errepideetako zapata bakartiak bezala. Hirirako trena hartu dut. Iritsi bezain laster Parisera lan egitera joandako lagunarekin egin dut topo. Kateatu egin gara. Ordu txikietan hartu dut etxerako bidea. Bidean, afrikar bi aurkitu ditut hozkailu batekin. Gaueko bostak ziren. Hots egin didate. Hiruron artean eraman dugu hozkailua. Gero, etxera joan naiz.
Atea zabaltzean zulo handi sortu zait lehen zilborra zegoen tokian.
|
|
|