|
Lagun bat Parisen izan zen lanean. Emakume bat ezagutu zuen bertan. Emakume hura Bigarren Mundu Gerran jaio zen Pragan. Artean mantoko umea zelarik bere aita preso hartu zuten alemanek, soldadu engaiarazi eta Errusiako frontera bidali zuten. Neskatoak eta bere amak ez zuten geroztik aitaren berri izan. Ez gutunik ez eta inolako abisurik. Bizi bazen edo hil bazen, ez zekiten ezer.
Urteak joan urteak etorri, neska koskortu egin zen. Gero, unibertsiate-ikasketak bukatu eta irakasle hasi zen lanean. Arte irakasle. Urte batean, ikasle-truke baten bitartez, Ekialdeko Alemaniako mutil bat izan zuen eskolan. Ikaslea eta biak maitemindu eta geroxeago ezkondu egin ziren.
Ezkonberritan telegrama bat jaso zuten. Senarraren aita hil zen. Lur-ematea zela eta Ekialdeko Alemaniara joan ziren hurrengo egunean. Aitaginarreba Txekoslobakian jaio zela jakin zuen han. Gerran alemanek preso hartu, soldadu engaiarazi eta Errusiako frontera bidali zuten. Gezurra badirudi ere onik atera zen. Gerra bukatu eta Txekoslobakiara itzuli beharrean Alemanian geratu zen. Izen berria hartu, aleman batekin ezkondu eta bertan bizi izan zen hil arte. Zerotik hasteko aukera eman zion gerrak.
Emakumeak aitaginarrebak Txekoslobakian izan zuen izena galdetu zuen urduri. Bere aita zela konturatu zen berehala eta senarra bere neba.
Dokumentalerako bigarren elkarrizketa egin dugu gaur. Gudari zahar bati egin ere. Josu Urrestiri. Bere garaiko gazteek itsasontziz egin zuten ihes faxistak herria hartu beharrean zeudela. Itsas-alde batailoian ibili zen gero. Bilboko defentsa izan zen haien egitekorik latzena.
JOSUREN KONTAKIZUNA
Inon ez da ezagutu, nire ustez, nire iritziz, Bilbon moduko ofentsibarik.. Artxandako ofentsibaren modukorik. Artxandako ofentsiba izan zen krudela.
Bilbo erori eta preso eraman zuten herrira. Ez denbora zen luzerako izan baina. Laster bidali zuten Larrinagako kartzelara.
Egun batean etorri zen Jose aguazila eta agindu zigun:
—Bueno, egin maleta edo dena delakoa joan behar dugu eta.
—Joan, nora joan behar dugu ba?— galdetu nion.
—Eramango zaituzte. Nik ez dakit ezer.— Ondo zekien hark nora gindoazen.
Mari Mertxe etorri zen gugana eta esan zigun:
—Nora eramaten zaituzte?
—Bilbora.
—Kontu handiz ibili ze jende asko ari baitira hiltzen errepidean.
—Hori ere bai?
Esan nion Juliori: "Esaten badigute salto egiteko zer edo zertarako da, hiltzeko edo. Bada geuk ere salto egiterakoan dale egin behar diegu, dzipirt-dazapart egin behar diegu haiei".
Nik ez nuen orduan ezeren bildurrik, lehoi bati ere atzera ez nion egingo.
Larrinagako kartzelan aurkitu genituen: Txori-erreka, Jazinto Ibaigarriaga, Samuel Panaderu... Txori-errekak esan zigun: "Trankil egon. Ez da ezer izango. Guri bildurra emateko esaten dute horrenbeste".
Guri bildurra emateko? Ez ziren hiru egun igaro Txori-erreka afusilatu zutela. Gizon santua zen, bizargina. Ez zuen inoiz ezer egin, egunkariren batean zutaberen bat idatzi, besterik ez. Handik Iruñeko San Kristobal beldurgarrira eraman zituzten. Lurrazpian izan ziren bertan preso, tuneletan. Egunero gertatzen zen guztia idazten zuen Josuk eta berokiko forroan gorde. Heldu zen eguna eta ihesaldia izan zen.
Handik nora joan behar eta San Kristobalera. Hura baino kartzela eskasagorik munduan ez dago. Tunelak ditu lurrazpian eta hantxe geunden presoak, gu zazpigarrenean.
1938ko maiatzaren 22an izan zen ihesaldia. Banuen nik koadrilan mutil on bat, Basaurikoa, Daniel Elortza. Esaten zidan:
—Urresti, goazen. Nik badakit eta bidea.
—Baina nola iritsiko gara Frantziara?
—Bai gizona. Nik badakit nola joan. Argindarra jartzen ibilia naiz paraje hauetan.
Bera bakarrik irten zen iluntzeko zazpietan. Elizondon harrapatu zuten. Bideak egin zituen.
ENE MUTHILIK TTIPIENA
Ene muthilik ttipiena
hik emaiten deraut pena.
Habil harat, habil hunat,
mastainoaren puntalat,
ageri denez untzirik edo
ageri denez leihorra.
Nagusia, heldu nuzu
bihotza arras tristerik,
ez dut ikusi untzirik
ez eta ere leihorrik.
Jan behar balin banauzue,
hil nezazue lehenik.
Ene muthilik ttipiena
hik emaiten deraut pena.
Habil harat, habil hunat,
mastainoaren puntalat,
ageri denez untzirik edo
ageri denez leihorra.
Nagusia, heldu nuzu
alegerarik bihotza.
Ikusi dut leihorra,
Kataloniako hiria,
zure arreba Santa Klara
leihuan josten ari da.
|