|
Denborak ez du beti neurri bera izaten. Izan badira asteak, izan badira hilabeteak, izan badira urteak, baina denborak askotan beste forma batzuk hartzen ditu. Preso dagoenak, esate baterako, gutunak jasotzeko orduaren arabera banatzen du eguna, astea bisiten arabera eta hilabetea vis a vis-en arabera.
Denborak ez du beti neurri bera izaten. Erretiroan Cadizera bidaia egin du gizon batek. Ceutan soldaduzka bukatu zuenean itsasartea txalupa batean zeharkatu zuen. Berrogeita bost urte beranduago bidaia bera egitea otu zaio baina Afrikarako norabidean. Txartelak zulatzen gizon edadetu bat dago. Iladara hurbildu denean konturatu da berrogeita bost urte lehenago soldaduzkatik bueltan txartela zulatu zion pertsona berak zulatu diola oraingoan ere txartela. Esaldi bera esan du, grazia bera egin. "Emakumeak eta umeak lehendabizi". Une batean, berroigeta bost urte luze horiek desagertu egin dira erretiratuaren buruan.
Badira bestelako denbora neurriak eta goiz batean ohetik jeiki eta bat-batean konturatzen gara egun bat ez, hamar urte igaro direla eta ez dugula, bart bezala bizitza osoa aurretik ikusten. Gertakariek hesiak jartzen dizkiete igarotako egunei, oroitzapen latz bilakatuko diren gertakari horiek. Orduantxe konturatzen gara gure bizitzako garai jakin bat bukatu egiten dela halabeharrez.
AZTARNAK
Desertu erdian bale eskeletu bat da
behin itsasoa han izan zeneko aztarna bakarra.
Mendi altuan karakola bat da,
behin itsasoa han izan zeneko aztarna bakarra.
Etxe osoan usain antzeko bat da,
behin hemen izan zineneko aztarna bakarra.
Gureak ez zuen norarik. Gureak bukatu behar zuen sagarrondotik erori behar duen fruituak bezala. Elkarrekin izaniko azken elkarrizketa hartan biok geunden auto berean baina bata bolante aurrean bazegoen ere bestea handik mila kilometrotara zegoen. Konturatu gabe bide ezberdinak hartu genituen duela asko. Ez dakit noiz izan ginen bidegurutzean baina gure gogoek oso bestelako bidea egin dutela ohartzen naiz orain. Zureak alde batera, nireak bestera.
Badira garai batzuk inguruan dugun guztia sentitu egiten duguna. Gure inguruan gertatzen den guztiaz ohartzen garena. Hala igaro dut hilabete hau guztia. Negua hurbilago nuen, neure azalean sentitu ditut egunotan neguaren koloreak, hotsak, usainak. Hurbilago nuen negua, eta harekin batera egin dut aurrera, geldo-geldo.
Trena hartu dut. Herrira doan trena. Aspaldi utzi nituen paisaiak berriz ikusi. Bete ez nituenak. Izan ez zirenak. Haurtzaroko tokiak azkeneko aldiz ikusi. Bota egin behar dute auzoa. Bide berria handik pasako da. Aurrerabidearen kontuak. Trenean kanta bat jaio zait burura, pasodoble zahar bat.
TXATXAMATXALINATXU
Txatxamatxalinatxu jaio zan urtian
herria ta kofradia hasarratu ziran.
Tirikitena beltxa morena,
ontza bat txokolate goizian onena.
Txikia izan arren izan leike abila.
Biba Elantxobeko tanbolintxerua.
Tirikitena beltxa morena,
ontza bat txokolate goizian onena.
|