Euria ukitu biografikoak dituen lana da (eta zein ez!). Bartzelonan ezagutu zuten elkar boskote hau osatzen duten kideek, eta hiri hartaraino joan ziren diskoa grabatzera, ez kasualitatez. Estatuko jazza hizpide denean ezinbestekoak diren bi musikariren luxuzko partaidetzarekin gainera: batetik Carme Canela, bere ahotsa eskaintzen duena Sencillos Deseos gaian, lan honetan urrezko ukitua ematen dion hunkiberatasuna lortuz; eta bestetik Gorka Benítez, bilduma osatzen duten 10 gaietan bakoitzak bere onena emateaz arduratu dena.
Zintzotasun hau da disko honetan baliotsuena, musika ederra jarrera aske eta soilarekin uztartzen denean mirari txikiak gertatzen direlako... Euria da horren emaitza. Gogoaren aldartea da, atzerako bidea argazki bat egiteko, argazki hau egiteko, atsedenaldiarekin. Azaletik hasita, ekaitzaren ostean etxera itzultzeko bidearen bila ari diren txakur galduak aurkezten baitira, Teresa Zabalza ezkutaketan ari da gurekin, han eta hemen halako arrasto batzuk utziz eta guk bera arian-arian ezagutzeko parada eskainiz.
2003ko abuztua. TZ boskoteak emanaldia eskaini zuen Gasteizen uda amaierako ohiko euri-jasa baten pean. Kontzertua haize zabalean izan zen, karpa batek babesturik, eta euriak taldearekin zeharo sinkronizaturik kolpatzen zuen karparen gainaldea. Kontrabaxu jotzaileak, Iosu Izagirrek, diskoari izena ematen dion gaia aurkeztu zuen, giro-egoera ezin hobean, gai honentzako ezin egokiagoa den “mood”-arekin, bere ardatzaren inguruan biraka egiten baitu modu liluragarrian... Sarreran zerutik etorritako figurante bat gehitu zitzaion taldeari: Zaunka bat aditu zen, abestiaren tenpoaren baitan egokiturik. Bigarren zaunka batek gogorarazi zigun bertara bildutako guztiei magia egon badagoela... Txakur musikaria, nota urdinekin jostatuz, Euria osatuz eta egun azaleko protagonista izaki.
Beste protagonistak, taldea bera. Taldea adieraren zentzurik hertsienean. Teresa ondo baino hobeto egokitzen da, gai bakoitza behar duen argudioaren jabe da, entzuten jakiten eta tonu egokian hitz egiten, ahotsa inoiz ere goratu behar izan gabe. Ondo baino hobeto entzuten zaie, indartu behar izan gabe: Teresa, guztiari beha, aitzindaritza soilik berak dakien moduan baztertzen, Miguel Villar (gero eta finkatuago Bartzelonan, egunetik egunera sendoago eta berezkoago) hunkibera, lasai eta gogoetatsu bere doinu hutsarekin.
Alejandro Mingot behar den unean azpimarratuz, behar izanez gero leunkiro iradokiz eta zerbait adierazi behar duenean ozenki eginez. Hasier Oleaga gero eta inpresionistagoa, bere buruari soilik jeinuek ahal duten moduan eusteko gai, tentsio ederra sortuz, eta baita keinu birekin istorio oso bat iradokitzeko moduko pintzelkadak emateko gai. Eta Iosu Izagirre, isila, neurritsua eta inork ez bezala gorpuztuz diskoko txakurraren izpiritua, bila eta bila eta aurkituz eta aurkituz.
Inor ohartu al da artean ez dela “jazz” hitza aipatu ere egin? Musika honek ez du hesirik behar. Jazzak beti ere izan ditu ama ugari, baina kontsigna bakarra: Askatasuna. Euria lanak bazter askotara dago begira, Reid Andersonek, Kurt Rosenwinkelek eta Bloomdaddiesek Monk Radioheadekin eta Paul Motian Nirvana, Morphine eta David Lynchekin nahasi zuten aldera. Melankolia, nostalgia, haurtzaroko oroitzapenak, ironia ugari eta beti ere fantasia apur bat. Hori guzti hori biltzen da Euria lanera... eta TZ-ri kontatzeko geratzen zaion guztia, honakoa bezalako disko askotan islatuta nahi genukeena. Xuxurlatuz adierazten diren ondorioez beteak, aitorpen bihurriekin eta gure izaeraren baitan ibiltzeko gonbitekin. Bidaiaren onena da artean hasi baino ez duela egin. Musikari hauek dagoeneko badute beren ahotsa.
GOTXI
____________________________________________________________________________
Jordi Vidalen Laietana estudioan, Bartzelonan, 2004ko irailean grabatua.
Teknikariak : Jordi Vidal, Nono Ruiz
Ekoizpena : Gorka Benitez
|