Lehenbiziko diskoa atera berri du Gasteizko Sant Pau 44 laukoteak, Gaztelupeko Hotsak-en Errabal zigiluarekin
Testua: N.F.Z
Gasteizko, Donostiako eta Getxoko jazz jaialdiek munduko artista onenen maisutasunaz gozatzeko aukera eskaintzen digute eta astebetez giro berezi bat jabetzen da herriotako kaleetan. Baina, urtean behin soilik gertatzen da hori, eta oso gutxi dira, bakanen bat agian, egitarauan aurkitu daitezkeen musikari euskaldunak.
Dena den, aldaketaren bat sumatzen hasiak gara dagoeneko. Jazza entzuteko gero eta aukera gehiago daude, taldeak ere ugaritu dira... eta diskoak argitara-tzen dira. Bost urtez jazzaren munduan aritu ostean, Gasteizko Raul Romo saxofoi-joleak, Koldo Uriarte piano-joleak, Iosu Izagirre kontrabaxu-joleak eta Hasier Oleaga bateria-joleak euren lehenbiziko diskoa atera dute. Lanak taldearen izen bera du, Sant Pau 44; Gaztelupeko Hotsak sortutako Errabal zigiluaren bigarren emaitza da.
BARTZELONARA IKASTERA
Jazzak batzen du laukotea, baita kezka komunak ere. Duela urte batzuk Euskal Herrian ezer gu-txi egin zezaketela ohartu ondoren, Bartzelonara joatea erabaki zuten lau lagunek. «Ikastera joan ginen Bartzelonara», gogoratzen du Iosu Izagirrek, izan ere «ikasteko talde» moduan definitzen du euren proiektua.
Bestelakoa da giroa Bartzelonan jazzarekiko, bestelakoa da sentsibilitatea eta zaletasuna. Urte bi eta erdi inguru eman zuen laukote gasteiztarrak ikasten eta jotzen. «Jazz giroa dago Bartzelonan, dio Izagirrek jende asko ezagutu genuen, eurekin jo genuen...».
Abentura horretatik bueltan berriz ere Gasteizen bildu zen taldea. Raul Romo saxofoi-jolea, ordea, Bostonen zen, Berklee College of Music famatuan jazz estiloko konposizioari buruzko ikasketak egiten. Hura itzultzean Sant Pau 44 taldea sortu zuten, Bartzelonako urteen omenez. «Sant Pau kaleko 44. zenbakian bizi ginen. Hainbat ordu eman genituen han jo eta jo, horregatik jarri genuen izen hori», azaltzen du kontrabaxu-joleak.
ERRABALEN PROPOSAMENA
Gehienetan taldeak eurak joaten dira diskoetxeetara euren lana eskaintzera eta euren proiektua azaltzera, bada, Sant Pau 44ri alderantziz gertatu zaio. «Gaztelupeko Hotsak-eko Xarrak eman zigun aukera, berak eman zigun ideia. Eta horrelakoak ez direnez askotan gertatzen...». 2002an Miren Aranburu Ensemblek ‘‘Gorri isila’’ lanarekin estreinatu zuen Errabal euskal jazz zigiluan atera dute gasteiztarrek ere eurena.
Zortzi abesti bildu dituzte Sant Pau 44 diskoan, denak instrumentalak. Gaztelupeko Hotsak-en proposamena jaso zutenean jadanik sortutakoak sartu zituzten, erabaki baitzuten kantu berririk ez zutela egingo, zutenarekin egingo zutela aurrera, alegia. «Gehiegi pentsatu gabe egin genuen; ez genuen nahi ezer berezirik. Diskoa taldeari argazki bat ateratzea bezalakoa da; taldeak duena dago bertan», aitortzen du Iosu Izagirrek. Jazz taldeek normalean klasikoen bertsioak eurak sortutako abestiekin tartekatzen dituzte diskoetan; horrelakorik ez zutela egingo pentsatu zuten gasteiztarrek; beraienak soilik sartuko zituzten.
BARTZELONA EZ, BAINA...
Gasteiz ez da Bartzelona bezalakoa baina gustura dago laukotea etxean ere. «Udan, jazz jaialdiak direnean, badirudi egun gutxi batzutan Harlemen zaudela, baina gainerakoan?», botatzen du Izagirrek. Gainerako egun eta hilabeteetan jazz gutxi entzuten da Euskal Herriko aretoetan. Hala ere, zerbait mugitzen ari dela igarri du taldeak. Sant Pau 44k emandako kontzertu guztietan harrera ona izan dutela onartzen du laukoteak, «jendeak gutxienez entzun egiten baitu».
Gauzak aldatzen ari diren seinale moduan ikusten dute Donostiako Kontserbatorioan jazz musikari eskainitako saila, gero eta talde gehiago sortzea, diskoetxe batek zigilu berezia eratzea jazz musikarien lanak kaleratzeko... «Hasten gaude denok; musikariak ikasten gabiltza eta entzulegoa ere ikasten ari da. Egiten denak erantzuna dauka gaur egun; duela urte batzuk ez zen horrela izango».
|