TXUMA MURUGARREN IDAZLE ETA KANTARIA | ASTELEHENEKO HITZORDUA
Kantari honek bere lehenbiziko liburua atera du: Larrialdietarako irteera ipuin bilduma
FELIX IBARGUTXI/[argazkia :MITXEL ATRIO]
Liburu bitxia plazaratu du Txuma Murugarrenek: Larrialdietarako irteera (Gaztelupeko Hotsak). Berria egunkarian astero publikatutako kontakizun laburrak bildu ditu hor, tankera berezikoak, izan ere aldiko kanturen bat oinarritzat hartuta idazitako testuak dira. Orain arte musikari moduan zen ezagunago Murugarren, baina horrelako kontakizun-sorta burutu izana ere ez da harritzekoa, kantuetako letretan ere kezka literario nabarmena erakutsitakoa baita.
Euskal Filologia ikasia da eta euskara eta literatura irakasten dihardu Bizkaiko institutu batean. Sasoi Ilunak taldean egin zituen lehen musika urratsak, eta 2000az geroztik bere kabuz ari da musikagintzan. 
- Gauza bitxia, horratio, kantu bat abiapuntutzat hartuta ipuina osa-tzea.
- Kantua zera zen, aitzakia. Hartu kantua eta iradokitzen zidanaz idaztea. Ez kantuaren kritika bat egitea. Batzuetan zera izan da, hartu kantua eta horrek iradokitzen zidanari buruz idaztea; eta beste batzuetan alderantziz egin dut, lehenbizi istorio bat idatzi eta gero banda musikala bilatu.
- Neskak askotan agertzen dira zure kontakizun horietan. Eta neska desiragarriak izan ohi dira.
- Neskak beti oso gai interesgarria iruditu zaizkit. Eta ez bakarrik sexu aldetik, baizik eta beste mundu bat bezala ikusten ditudalako, eta beren barne-mundu hori guretzat aski ulertezina delako, eta oso interesgarria era berean. Kontraposizio moduan jar- tzen ditut askotan gizonak eta emakumeak, eta hor sortzen diren desirak, amodioak eta tragedia txiki horiek dira mundua bete-tzen dutenak. Bi sexuok paper garrantzitsua daukagu. Eta neskak dira nire fijazioetako bat.
- Itsasoa ere hor sarri agertzen da.
- Esaten dute bizitza hortik heldu dela, noizbait. Eta ez dakit ez ote dugun horretara bueltatu behar, inoiz. Inmensidade bat da, ezezaguna, misterioarekin ere zerikusia dauka... eta horrek denak eramaten nau itsasoa bizi-tzaren zurrunbiloarekin konparatzera.
- Suizidioa ere behin baino gehiagotan azaltzen da zure istoriootan.
- Orokorrean heriotza, esango nuke. Suizidioa, heriotza ikusteko modu estilistikoa dela esango nuke.
- Tarteka autobiografia kutsuko pasarte batzuk agertzen dira, hala nola kontatzen duzunean nola bi mutil gazte ari diren beren lehen gitarra jotzen etxean, leihotik Serantes mendia ikusten dela.
- Ni oso zintzoa naiz, egiten dudan gauza guztietan. Baina hori oker bat da, azken batean ez dakidalako bestela egiten. Nire bizipenetan oinarritzen naiz, biluztu egiten naiz, erraz gainera; exhibizionista xamarra naiz.
- Baita zure kantuetako letrak egitean ere?
- Letretan ere hor egon dira beti nire bizipenak, baina makilatuta. Nik esango nuke %20 egi-egia dela eta beste 80a gezur egi-antzekoa. Batzuetan gertakizuna egiazkoa da, baina pertsonaia ez, eta besteetan pertsonaia da egiazkoa, eta egoera gezurrezkoa.
- Esan liteke letragile izatetik idazle-idazle izatera pasa zarela?
- Nik betidanik idatzi izan dut. Nire hobby-etako bat izan da. Idazlea, hori hitz handiegia da niretzat; Ģmusikariaģ ere bai. Istorioak kontatzen ditut, besterik gabe, bai abestiak egitean bai ipuinak idaztean.
- Aipatu zure gustuko idazleak.
- Europako ekialdeko idazleak ditut gustuko. Idazle serioak eta ilunak dira, eta hori atsegin dut. Adibidez, Platonov errusiarra. Eta Dostoiewski ere asko gustatu izan zait. Mendebaldarren artean ere baditut gustukoak, nahiz eta literatura arinagoa iruditzen zaidan: adibidez, Monterroso eta Rulfo. Hemengoetan, Sarrionandia aipatuko dizut; uste dut samurtasun berezi bat daukala idazten duenean; eta Cano eta Montoia.
- Istorioak idaztean bi kezka izango zenituen, noski: zer esan eta nola esan.
- Hasieran ez neukan liburua osatzeko asmorik. Baina ipuina astero publikatzen nuenez, beti izan nuen errepikapenean ez erortzeko kezka hori. Ikuspuntu desberdinak erabili ditut.
- Zure istorioetako bati leienda urbanoaren tankera hartu diot. Alegia, kontatzen duzunean baserrian elbarrituta dagoen agurearen kasua. Semeak hartzen du zaharren egoi-tza batera eramateko eta, bidearen erdian, atseden hartzeko gelditzen direlarik, zaharrak esaten dio semeari: bai, nik ere hemen hartu nuen atseden nire aita zaharren egoitzara eraman nuenean.
- Arrazoi duzu. Begira, istorio hori amonak kontatu zidan eta amari ere aditu diot. Uste dut Euskal Herriko hainbat tokitan dagoela bizirik istorio hori. Islatzen ditu garai bateko sinesmenak, garai bateko morala.
- Umore beltza ere oso gustuko duzu.
- Bizitzak eskaintzen dizuna, besteak beste, horixe da. Zerbait tragiko gertatzen zaizunean, bere alde komikoa ere izaten du gehienatn. Eta barreak ez dira soilik barre izaten, azpian beti izaten da tragediaren bat. Dena nahasian datorkigu.
|