Literatura, pop-rock, folk eta country kutsuko musikarekin uztartzen duen proposamen honek baditu hainbat aurpegi ezberdin, mugak bezainbertze. Izan ere, muga eta bere inguruabarrak ditu ardatz: Euskal Herria bitan zatitzen duen muga eta mugaz bertzaldeko mugalariak elkartzen dituena; gizarte honetako oztopo gaindiezinak; barne-mugak eta bertan bizi diren izakiak. Mugaldekoen kantuak dioen bezalaxe: bistan da kanpotik nahiz barnetik ezarritako mugen arabera bizi garela. Bizitza honen lau pareten artean.
Egitasmoak Edu Zelaietaren bigarren poema liburua du abiapuntu, Mugaldekoak SUSA argitaletxeak 2004an argitaratua. Mugaldekoak: poemak, kantuak eta kantupoemak ikuskizuna estreinakoz, 2004ko maiatzaren 28an egin zen, Berako Kultur Etxean. Harrezkero, hogei tokitan baino gehiagotan izan dira Mugaldekoak: Gasteiz, Bilbo, Iruñea, Donostia, Irun, Senpere, Durango... 2005eko udan, Pirinioetako idazle euskaldunen eta katalanen arteko literatur topaketetan, Mugaldekoak: poemes i cançons de frontera bertsio hibridoa eskaini zuten. Alegia, katalanez eta euskaraz. Lau hilabete geroago, berriz, Katalunian barrena ibili ziren.
Dena den, bertzelako pasaporte batzuk ere sakelan dituzte Mugaldekoek, Zelaietaren poema sorta bat gaztelaniaz (Poemas de frontera) eta katalanez (Poemes de frontera) egoteaz gainera, eslovenieraz ere paratu baititu Marjeta Prelesnik-ek (Pet pesmi o meji), Quim Monzóren El perquè de tot plegat eta Mercè Rodoredaren Mirall trencat liburuak eslovenierara eraman dituen itzultzaile berak.
Mugaldekoak:
Edu Zelaieta: Testuak, gidoia eta irakurketak
Beñardo Goietxe: Ahotsa, gitarra elektrikoa eta gitarra akustikoa
Raúl García Etxeberria: Gitarra akustikoa, zerra musikala, harmonika eta ahotsa
Jordi Serra: Itzulpenak eta irakurketak
|