Felix IBARGUTXI / DONOSTIA
Edu Zelaieta Donostian. Argazkia: USOZ
Liburu tematikoa da, dudarik gabe, eta muga eta territorioa dira azken batean muina, esan du Edu Zelaietak bere Mugaldekoak (Susa) olerki liburua aurkeztean. Biografia bitxia du Edu Zelaietak (Gasteiz, 1973) eta bitxitasun hori ederki islatzen da olerkietan: aita Berakoa du (mugatik gertu), euskalduna, baina harengandik ez zuen euskararik jaso eta, hizkuntza bere egin nahian, orain dela bost urte erabaki zuen Berarekin harremana sendotzea, eta gainera Euskal Filologia ikasteari ekin zion. Orain dialektologiaz ari da doktore-tesia egiten, mugaldeko dialektologiaz hain zuzen ere. Ama, berriz, Galiziakoa da, Portugal ondoko herri batekoa, hura ere muga aldekoa, eta hori ere baliatu dut liburuan, bide batez, esan du Zelaietak.
Umetan ez zuen euskaraz egin, umetan ez zen Beran bizi izan, baina orain Berako hizkeran ari-tzen da nahi duen guztietan. Liburua, hasieran, «beratarrago zen», baina azkenean batuan dago guztiz, gaur egun hala egin behar delako.
Oteizak erraiten zuen hutsuneak bizia sortzen duela, eta niri ere hala gertatu zait -esan zuen atzoko aurkezpenean-. Bi hutsune betetzera heldu da liburua. Irakurri ezin duguna esku artean edukitzeko balio izan dit, batetik; eta, bestetik, territorioaren hutsunea betetzen lagundu dit.
Kirmen Uriberi aditu diodan gauza bat: poetaren lerroek aitzinera egiten dutela. Saia gaitezen gaur-gaurko literatura egiten -jarraitu zuen atzokoan-. Eraginak asko dira eta nihauri asko kostatzen zait ikustea eraginak nondik hartu ditudan.
Liburuak lau atal ditu. Lehenengoan, mugaren poetika dago, nahi bada. Kanpotik barrenera egiten dut.
Bigarren partearen izenburua Hausturak izan behar zuen hasieran, baina azkenean Urratuak da. Mugak hausteko jaioak gara. Multikulturalidadea ere agertzen da sail honetan, XXI. mendeko poesia egiten saiatu bainaiz, jarraitu zuen.
Hirugarren partean, gizarteak protagonismoa galtzen du, eta gizakiaren barruko aldera egiten du bidaia poetak. Amodio, desamodio eta beste sentimendu ba-tzuei buruzko aleak daude hor.
Azken atala prosazkoa da eta kontrabandoari buruzkoa. «Istorio transgresorea» omen da, tabu batzuk agerian jartzen dituelako.
Liburuko olerkiekin eta beste zenbait testu berrirekin jendaurreko emanaldiak egingo ditu, Berako bi musikarik lagunduta: Beñardo Goietxe eta Raúl García. Lehen saioa Beran bertan izango da, hil honen 28an.
|