- 03.08 - F. IBARGUTXI Diario Vasco
Kalamidadiak poperoagoa atera da eta Imanolen Mendian gora-ren bertsioa ere badakar
DONOSTIA.DV. Andoni Tolosa Morau-k bere bosgarren diskoa plazaratu du: Kalamidadiak. Eta aurrekoa bezalaxe, Agotak taldearekin jardun du, oso harreman estuan, «auzolanean», atzo esan zuenez. Emaitza, aurrekoen aldean, «poperoagoa» izan omen da.
Morau (Hernani, 1963) orain hamalau urte hasi zen jendaurrean kantuan. Bere burua «kantautoretzat» definitu ohi du, eta azken urteotan Agotak taldekoekin jardun du. Talde honi dagokionez, hasierako Beñardo Goietxe eta Jexux Agirresaroberi Ander Barrenetxea bateria jo-tzailea gehitu zaie oraingoan. Izan ere, lehengo bateria jotzaileak, Igor Mendiak, taldea utzi du azkeneko grabazio hau bukatu ostean.
Diskoan garrantzi berezia izan du Agirresarobek, ekoizle gisa jardun baita. «Batasun handia eman dio diskoari», esan zuen Morauk atzokoan. Nahasketak, berriz, IZ estudio «berpiztuan» egin da, Amasan, Héctor Leal teknikariarekin. «Nahita, musikari gonbidaturik gabe egin dugu diskoa, horrela naturalagoa aterako zelako», esan zuen Agirresarobek.
Bada beste ezaugarri bat errepikatu dena: Mattin-en marrazki-ak. Eta gainera oraingoan beste urrats bat egin du: flash-animazio bat egin du, orain euskaltube.com-en ikus daitekeena.
Abestietan bere «kalamidadeen zerrenda» egin du Morauk; besteak beste, garapen basatia eta tortura. Badira bi bertsio ere, bata Imanolen Mendian gora-rena, bestea Balerdi Balerdiren Lore etxean-ena. Talde nafarrari dagokionez, hau esan zuen Morauk: «Betidanik maitatu duen taldea da». Eta Imanolez: «Lete eta Laboa bertsionatu ondoren, bazen garaia haren kanta bat hartzeko ere, eta hori ederra da benetan».
|