MORAU Kantaria
Lelorik ez, baina hitz gordinak bai. Soil eta sotil, gizarte kronikak dakartza Kalamidadiak disko berrian, behialako koblakarien gisan, eta berriro Agotak lagun.
Gorka Erostarbe Hernani Berria 2008-03-09
Txapela buruan duela agertu da. Folk zalea da, baina ez folklorismo zalea: Ez diot inori aurreskurik dantzatuko txapela jantzita, baina estetikoki gustatzen zait eta oso da praktikoa, gero eta ile gutxiago baitugu. Konplexurik ez. Gertutasuna, soiltasuna eta umorea. Andoni Tolosa Morau (Hernani, 1963) kantariaren ezaugarriak, baita kaleratu berri duen Kalamidadiak (Gaztelupeko Hotsak) diskoarenak ere. Lau urte igaro dira Txukalda atera zuenetik. Lasai grabatu du lana Amasako (Villabona, Gipuzkoa) IZ estudioetan. Berriro Agotak lagun: Beņardo Goietxe (gitarra akustikoa eta ahotsa) eta Jexux Agirresarobe (baxua). Iņaki Martiarena Mattin-enak dira marrazkiak eta bideoklipa.
Inguruko eta zure barruko kalamidadeei eskainia al da lan berria?
Inguruko kalamidadeak dira, baina nire barrutik pasatakoak. Alde horretatik intimismo gutxiago dago disko honetan beste batzuetan baino. Ingurukoaz hitz egiten dut baina ez doktrina egiteko asmoarekin, gauzak sentitzen ditudan bezala kontatzeko baizik. Beraz, kontu pertsonalak ere badira.
Gizartearen kronistatzat izan duzu beti zeure burua.Gizarte kroniketarako garai egokiak al dira?
Bai, zoritxarrez beti daude kalamidadeak kontatzeko. Goizero prentsa hartu eta irakurtzeko ariketa gero eta gogorragoa egiten zait. Ez dakit adina edo... Uste nuen garai egokia zela nire kalamidadeen zerrendatxoa plazaratzeko. Txukalda-n ez bezala, kantuak letretatik sortu ditut berriro, nire hastapenetan bezala. Hitzei garrantzi berezia eman nahi nien.
Woody Guthrie edo Billy Braggekiko miresmena azaldu duzu beti. Kantagintza sozial horretarako joera galtzen ari al da?
Etengabe berrasmatzen ari da. Euskal rockaren panorama desberdina da agian, testimonioz eta testimonialismoz beteta dago. Baina, ez dut uste inork egiten duenik kronika sozialik kantuetan. Gehiago egiten da eslogana edo diskurtso sutsua, nahiz eta intentzioa berdintsua izan.
Esloganekin mezuak eraginkortasuna gal al dezake?
Nire gusturako bai. Arrazoi osoa izanda ere, gauzak kontatzeko modu interesgarriagoak badira, eta saiatu behar dugu modu hori bilatzen. Oso kuriosoa da, esaterako, elektronikaren munduan zein ikuspegi argi eta zorrotzarekin ari diren asko eta asko. Ia-ia garai bateko musika kronisten papera hartu du elektronikak, nahiz eta hor ere denetarik dagoen.
Bilbora etorri berritan esan zuen Mike Oldfieldek rocka agortua dagoela...
Zorionez, rockak erakutsiko du ez dagoela hilda, eta bere burua birsortzeko gai dela. Beste horrenbeste esaten zuten punk mugimenduaren inguruan; baina, zorionez, rockak eta popak beti erakutsi dute bere burua iraultzeko gaitasuna, baita garairik tristeenetan ere.
Beldurra kantuko hitza indartsua eta egiazkoa iruditu zaigu. Gizakiaren kalamidade handienetakoa, beldurra?
Bai, ez dakigu beldurrarekin bizitzen, eta horretaz probesturik, beldurraren instrumentalizazio handia dago. Gizakiarentzat nahitaezkoa da beldurra sentitzea; baina, teorian, gero eta libreago bizi garen gizartean gure arbasoak baino askoz ere beldur gehiagorekin bizi gara. Eta,gainera, gero eta beldur gehiago dago. Beldurrak jandako gizarte batean bizi gara.
Bigarren diskoa duzu Agotak lagun hartuta. Zuen arteko sinergia handiagoa nabari da. Talde izaera sendotu duzue?
Bai, izugarri. Nahiz eta rock edo pop kantugiletzat har litekeen nire burua, beti eduki dut erreparoa kantua gehiegi rockzaletzeko. Txukalda-rekin nik nuen muga hori hautsi genuen. Eta disko honetan are gehiago. Are lasaiago lan egin dugu, are lasaiago partekatu ditut kantuak besteekin, eta hori nabaritzen da emaitzan.
Amerikar kutsuko rockak pisu handia zuen aurreko lanean. Honetan leundu egin da. Soiltasuna ardatz soinuan.
Bai, eta argi gainera. Beņardok [Goietxe] esaten duenez, power popa da. Country eraginak urriagoak dira. Pop gehiago dago, eta ez dugu bilatu, baina prozesuak eraman gaitu horretara. Ez gara batere preziosistak eta pop estiloak baditu arau batzuk... Niri gustatzen zait formatu hori, eta soinu aldetik oso garrantzitsua izan da Jesus Agirresaroberen lana. Ekoizle lana egin du. Denbora izan dugu lantzeko eta nabari da. Kantuek eskatzen zuten produkzio sinplea, baina eraginkorra eta indartsua.
Abesti bat nabarmentzekotan: Ametsgaiztoa. Abesti berezia tempo eta intentsitate aldetik. Sentikorra.
Epikoagoa da. Torturaren gaia izenarekin tratatua dago. Badaude gai batzuk zeinetan metaforak alferrikakoak diren. Musikalki eskatzen zuen barea eta ekaitza. Prestatzerako orduan lan gehien eskatu digun kantua da.
Ohikoa duzun moduan, euskal kantagintzaren klasiko parearen bertsioak egin dituzu. Imanol Lartzabalen Mendian Gora eta Balerdi Balerdiren Lore etxean...
Bertsiogilearen lana gutxietsi egiten da sarri gurean. Esker txarreko lana da, baina oso interesgarria. Erronka polita da: beste norbaiten kantu biribil bat hartu eta zeure egiten ausartzea. Helburua ez da hobetzea, ezinezkoa baita, baizik eta zure mundura ekartzea. Mendian gora oso kantu biribila da musika aldetik eta esanahi aldetik. Eta Balerdi Balerdi euskarazko popak eman duen talderik onenetakoa da. Uste dut Balerdi Balerdiren izpiritua badagoela disko osoan.
15 bat urte inguru musikaren munduan eta bost disko plazaratuak. Zer gehiago eskatzen diozu musikari?
Musikari eskatzen diodana da ondo pasatzen jarraitzea. Hori lortzen dudan bitartean jarraituko dut. Badago beste behar bat ere. Zerbait esateko daukadan bitartean esaten jarraituko dut. Tristea litzateke ezer ere ez izatea esateko eta kantatzen jarraitzea. Hori inoiz gertatzen bazait, gelditzeko adina erreflexu izatea espero dut.
Ondo pasatzeko zuzenekoak garrantzitsuak, ezta?
Deitzen diguten lekura joango gara, baina taberna da gure leku naturala. Hortxe ematen dugu onena, jendearengandik gertu. Baina ez diogu inolako beldurrik agertoki handiagoei ere. Hasi gara zuzenekoak prestatzen. Apirilaren amaiera aldean hasiko gara zuzenekoak ematen. Aldaketa bat izango da. Diskoan Igor Mendia aritu zen bateria jotzen, eta orain, zuzenekoetarako beste bateria bat hartu dugu: Ander Barrenetxea.
|