EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH



ARTISTAK

ALBISTEAK

KONTZERTUAK

KONTRATAZIOA

DISKOETXEA

DENDA


Errabal (Jazz)

Blues

Literatura

Paper Hotsak

Bosgarren haria

Ilargiak baleki

Bloody Hotsak

Harpidetu boletinera


 Txinak beste mundu baterako atea ireki eta iradokizun asko ekarri dit
Hemeroteka
Txinak beste mundu baterako atea ireki eta iradokizun asko ekarri dit


Mandarin dotore disko-liburuak eta XX. mendeko poesia kaierek aipagai bihurtu dute aspaldian isilik zegoen idazlea

JUAN LUIS ZABALA - DONOSTIA

Joserra Senperena pianistarekin batera, Mandarin dotore zuzeneko emanaldia eskainiko du gaur 20:00etan Donostiako Loiola auzoko elizan Rafa Egiguren idazle eta itzultzaileak (Hernani, 1948), Musika Sakroaren Donostiako XV. Zikloaren barruan. Senperenak eta Egigurenek, Jose Luis Zumetarekin elkarlanean, Gaztelupeko Hotsak etxearen eskutik kaleratutako izenburu bereko disko-liburuko poemak eta pianorako lanak eskainiko dituzte emanaldi horretan.

Txinara egindako bidaian oinarrituta Ilargia putzuan ageri nobela (Erein, 1990) idatzi zenuen, eta orain, berriz, VII. mendetik X.era bitarteko txinerazko poemen itzulpenak jarri dituzu plazan. Nondik datorkizu Txinarako isuri hori?

Duela 16 urte Txinara joan eta urtebete pasatu nuen han. Hainbat urtetan euskara irakasle lanetan ibili ondotik, banuen aldatzeko gogoa, banuen gure hizkuntzarekin nahiz ingurukoekin zerikusirik gabeko hizkuntza bat ikasteko gogoa, banuen beste zibilizazio bat ezagutzeko gogoa... Txinak oso ondo betetzen zituen baldintza horiek.

Eta bidaiaren ondoren ere ez duzu Txina alde batera utzi.
Harrezkero hainbat gauza irakurri ditut, tartean poesia ere bai, Tang dinastiakoa batez ere... Eta pentsatu nuen ez zela hain zaila izango itzultzea, poema laburrak direlako, eta ariketa moduan ekin nion lanari. Lau edo bost urtez, horrelaxe aritu naiz, tarteka, poemak itzultzen, eta sorpresa izan da gero etorri dena. Nik uste nuen asko jota aldizkariren batean poema bat edo besteren itzulpena agertuko zela, ez besterik.

Dena den, Mandarin dotore-n ez daude itzuli dituzun poema guztiak.

Guztira, disko-liburuan 29 daude, baina gehiago ere baditut bukatuak. Susako webgunean jarriko ditut. Nahi nuke egunen batean 100 poema izan euskaratuta, eta horiek argitaratu ahal izatea liburu batean. Badakit minoritarioa izango dela, baina uste dut mereziko duela.

Arrasto sakona utzi zizun, beraz, Txinara egindako bidaiak.

Nik uste dut egiten dituzun bidaia guztiek dutela eragina, are gehiago bidaia urtebetekoa baldin bada. Niri Txinak ate bat ireki dit, beste mundu baterako atea; horren ezberdina denez, iradokizun asko ekartzen dizkidana.

Txinerazko prosa lanik itzultzeko tentaziorik ez al duzu izan?

Nobela bati edo horrelako lan luze bati heltzen ez naiz ausartzen, nahiz eta nobela onak ere badauden horretarako egokiak. Lan handiegia litzateke hori. Hala ere, ipuin labur edo parabola moduko batzuk baditut euskaratuak, hamalau bat.

Hemen, gure artean, Txinako zibilizazioa ez da, topiko batzuetatik aparte, oso ezaguna.

Kontuan hartu behar da Txinako zibilizazioa oso garrantzitsua dela. Guk ezagutu ditugun zibilizazio garrantzitsuenetako bat da, arabiarrarekin, greziarrarekin, indioenarekin eta geurearekin batera. Eta gure garaira arte ia osorik heldu direnak, bide osoa eginda, ziklo guztiak beteta, txinatarrena eta geurea dira. Txinatartasunetik atera gabe egin dute txinatarrek bidaia guztia historian zehar, eta hori oso inportantea da.

Disko-liburuko hitzatzean diozunez, Tang dinastiaren garaian «olerkigintzan trebatu beharra zegoen gortean sartzeko». Hemen eta orain, horretarako joera handiagoa behar genukeela iruditzen al zaizu?

Nik, egia esan, ezin dut irudikatu nolakoa izango zen poesiaren presentzia garai hartako Txinan. Badirudi oso herritartua zegoela, gortean ere garrantzi handia zuela... Beti esan izan da guk, Mendebaldean, intelektua lantzen dugula batik bat, eta Ekialdetik ez Txinatik bakarrik sentimenduaren aldarrikapena etorri zaigula. Oro har, gustuaren eta sentimenduen mundu hori alor guztietara ekartzea interesgarria iruditzen zait. Edukitzeak du indarra gure zibilizazioan, eta edukitzea ez bada jakitea da hurrengoa. Baina edukitzetik eta jakitetik aparte ere badira interes handiko gauzak, gustuarekin eta sentitzearekin lotutakoak.

Politikariei opari emateko egokia da, beraz, Mandarin dotore?

Seguru. Ez dakit estimatuko duten, baina uste dut gaur egun politikariei sentsibilitatearen eta gustuaren aldarrikapenak ez liekeela kalterik egingo.

Koldo Izagirrek XX. mendeko poesia kaierak bildumarako hautatutako 40 poeten artean zaude. Zure umorea eta itxuraz arruntak diren gaietarako joera nabarmendu ditu, besteak beste, zure poesiagintzan Izagirrek.

Nik poesian bi liburu baino ez ditut argitaratu, eta biak ere nahiko aspaldi: Txipiroiren bat edo beste, 1981ean; Mugarrien garraioan, 1986an. Ez nuen espero Koldok nire lana bilduma horretarako aukeratuko zuenik. Izagirreren hitzaurrea irakurri nuenean, nahiko identifikatua sentitu nintzen han zioenarekin, nahiz eta esaten dituen gauza horiek ez nituen, aurretik, modu horretan ikusten.

Aspaldian ez duzu zeuk sortutako ezer argitaratu. Idazten jarraitzen duzu hala ere?

Urteetan jarraitu dut poesia idazten, baina idatzitako batzuk galdu egin ditut. Azken boladan, Kaieretako antologiaren argitalpenak bultzatuta edo, erneago nago, eta ari naiz poesia bildumatxo bat osatzen. Politikan militantzia nahiko gogorra eman ondoren sartu nintzen ni poesiaren munduan, eta mundu hori atera da nire poema liburuetan. Oraingo poemetan ere ateratzen da gai hori, baina beste gai batzuetarako joera handiagoa daukat: bizitza nola bizi, nola plantatu heriotza... Akaso txinatarren eragina dago horretan ere. Horretaz gain, nobela bat ere ari naiz idazten. Nobela handi bat egiteko asmoa nuen, baina gero nobela horretako alderdi batzuk autonomo bihurtu zaizkit, eta horietako bat aurtengo udan amaitzea espero dut. Ez dut aurreratu nahi zein izango den nobela horren gaia, baina uste dut arina izango dela, nahiko bisuala aurrekoa ere halakoxea zen, nire ustez, eta umorea izango duela.


MANDARIN DOTORE

Disko-liburuaren ostean zuzeneko emanaldia gaur Joserra Senperena aspalditik ezagutzen du Egigurenek. Poesiarekin lan egiteko gogoa zuela eta, poemak uzteko eskatu zion behin Senperenak Egigureni. Txineratik euskaratuta zuen poema sortako 30 bat utzi zizkion, eta bi hilabeteren buruan poema haien giroan sortutako lanekin maketa bat grabatua zuen Senperenak. Beste adiskide bati, Jose Luis Zumetari, erakutsi zioten egindakoa, eta hark ere zerbait egiteko gogoa agertu zuen. Horrela sortu zen, lagunartean eta aski modu espontaneoan, Mandarin dotore disko-liburuaren proiektua. Azken pausoa Gaztelupeko Hotsak eman zuen, produktua kaleratzea bere gain hartu zuenean.

«Poemen ukitu taoista» zaio bereziki erakargarri Senperenari. «Atzera begiratuta, jabetzen naiz krisi pertsonal batean nengoela eta poema hauek lagungarri izan zitzaizkidala», dio Senperenak. «Paisaia geure barruko aldarteen adierazpen moduan agertzen dira liburuko poemetan».Harrera ona izan du Mandarin dotore-k: 1.500 aleko tirada egin zuten eta agortu egin da.Gaurko emanaldian, liburuko sei edo zazpi poema txineraz eta euskaraz errezitatuko ditu Egigurenek, euskaraz bakarrik besteak. Batzuetan Senperenaren musika eta Egigurenen hitzak txandakatuko dira; beste batzuetan elkarrekin ariko dira. Agertokiaren atzealdean, Zumetaren lanak ikusiko dira, diapositiben bidez.Beste emanaldirik ez dute oraindik hitzartu, baina «pianoa eta leku egokia jarriz gero», egiteko prest daude.


MANDARIN DOTORE





Kontzertuak


Hemeroteka


ARTISTAK
· 7 SÓIS 7 LUAS
· BELCEBLUES
· BIDE ERTZEAN
· BLUEDAYS
· CONXITA
· COOL CIRCUS
· ERRABAL JAZZ JAIALDIA
· EL DOGHOUSE
· ESNE BELTZA
· GABY JOGEIX
· GAINSBOURG GAINBEGIRATUZ
· HOTSAK DANTZAN
· JJBAND
· J.L.PARDO & THE MOJO WORKERS
· JERONIMO MARTIN TRIO
· JOSERRA SENPERENA
· JUAN DE DIEGO TRIO
· KANEVSKY
· KARELEAN
· KATAMALO
· KEMEN LERTXUNDI
· KOKEIN
· LOS CORONAS
· LOS REYES DEL K.O.
· MAMBA BEAT
· MARTA SANCHEZ TRIO
· MORAU
· OSTOLAZA ETA PUJANA
· PETTI
· ROGELIO BOTANZ
· SEÑOR NO
· SEXTY SEXERS
· SPECIAL 20
· SURFIN KAOS
· TAPIA ETA LETURIA
· TERELA GRADIN QUINTET
· THE BLIND LEMONS
· THUNDER EXPRESS
· TIGER! TIGER!
· TRES MIL HOMBRES
· TXUMA MURUGARREN
· UEK
· ...artista gehiago

Gaztelupeko Hotsak · Errabal, 23 · 20590 SORALUZE (Euskal Herria) · Tel.: +34 943 753 016
gaztelupeko@hotsak.com

ES EN FR


Webgune honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du