EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH



ARTISTAK

ALBISTEAK

KONTZERTUAK

KONTRATAZIOA

DISKOETXEA

DENDA


Errabal (Jazz)

Blues

Literatura

Paper Hotsak

Bosgarren haria

Ilargiak baleki

Bloody Hotsak

Harpidetu boletinera


 MAL DE OJO. Euskal rumbaren ordua.
Hemeroteka
MAL DE OJO. Euskal rumbaren ordua.


Hamar urte daramatza Mal de Ojo taldeak rumbak eta erritmo beroak lantzen; hamar urte zuzeneko emanaldi bizi eta alaiak eskaintzen. Bost disko autoekoitzi ondoren, Donostialdeko taldeari lan berria disketxe baten bidez kaleratzeko ordua iritsi zaio.

1993. urtea zen Adrian Perez donostiarrak —80ko hamarkadan Mogollon taldean aritutakoa— poparen eta rockaren bideak utzi eta doinu ijitoekin lanean hastea erabaki zuenean. Ez ziren garai onak horretarako, baina hamar urte igarota, taldeak bere lekua eskuratu du zirkuitu alternatiboan, nahiz eta Adrian bera den hamar urte hauetan taldean tinko iraun duen lagun bakarra. Gaur egun Aitor Atxega baxua jotzaileak, Rafa Zaragueta bateria jotzaileak, Anto Camino perkusio jotzaileak, eta Jon Mari Beasain gitarristak osatzen dute taldea Adrianekin batera eta, aurrerantzean, zenbait emanalditan, Joseba Loinazek joko du pianoa. Aitorrek berak dioenez, “amateurrak izanik, ez da erraza izaten talde bat mantentzea, baina azken urteotan bizkarhezurra finkoa izan da”. Euskal Herrian erritmo gogorrak eta rockeroak nagusi ziren garaian, Mal de Ojok freskotasuna eta bestelako bide bat ekarri zituen musika mundura, eta nolabaiteko ezustea ere bai, ez baitzen oso ohikoa euskal talde bat rumbak abesten entzutea. “Nik uste dut Adrianek zerbait astindu nahi eta kontrastea bilatzen zuela. Zentzu horretan, orduan ez zegoen zerbait eskaintzen zuen Mal de Ojok, zuzeneko festa bat alegia, eta ondorioz, sorpresaz hartu zuen jende askok”. Ordutik hona bidea egin du Mal de Ojok, eta hasiera batean kantu gehientsuenak gaztelaniaz abesten zituzten arren, denborarekin euskarak ere bere lekua hartu du kantuetan, eta horren adibide, disko berrian, kantu ia guztiek —15tik 11k— dute euskarazko hitza. Izan ere, taldearen barne izaeraren isla ere bada bere lana Aitorrek dioenez: “Taldekideak aldatzen joan diren heinean, euskara gure artean komunikatzeko tresna bihurtu da eta horrek ere musikan eragin du. Adrian euskaldunberria da eta agian errazago sortzen du gaztelaniaz, baina gure ahalegina egiten ari gara euskararekin”. Gato Perezen edota Pereten ahotsetan entzutera ohituak gauden doinuak gure hizkuntzan entzuteak sorpresatxo batzuk ere sortarazi izan ditu. “Jendeak eskertu egiten du runba bat euskaraz aditzea. Musika latinoa modan dago baina gaztelaniaz iristen zaigu guri beti, eta hainbatek begi onez ikusten gaitu euskaraz abesteagatik”. Bost disko izanagatik ere (Para finos paladares, Oye tio... yo te quiero, Y te ha tocado, Venga... y que siga la fiesta eta Bajo el agua...de fuego), zuzenean emandako kontzertu zirragarri eta dibertigarriei esker egin da ezagun Mal de Ojo. Diskoak taldeak berak ekoitzi, argitaratu eta banatu ditu eta gaur egun denak agortuta dauden arren, egia da, halaber, tirada txikiak zirela. Ondorioz, agertoki gaina izan du taldeak bere dohaiak erakusteko plazarik egokiena: “Mal de Ojok zuzeneko giroa eskaini du beste ezeren gainetik. Ikuslearekin konplizitatea lortzea eta festarako txoko bat izatea izan baititugu helburu nagusi”.

Mestijaia, taldearen azken diskoa, ohi bezala, runba, tango, son eta bestelako erritmo beroz beteta dator. Hamar urteko lana eta horrek ematen duen eskarmentua antzematen zaio, baina ez da gehiegi aldentzen taldearen nortasun zeinuak izan direnengatik. Nolanahi ere, Gaztelupeko Hotsakek kaleratuko du diskoa, eta horrek, ezinbestean, beste helburu batzuk jartzera behartu ditu taldekideak Aitorrek dioenez: “Orain arte egin dugun lana txukuna iruditzen zaigu, nahiz eta askotan, baliabide gutxi izateagatik, ekoizpena ez den izan guk nahi genuen bezain ona. Gogoz ginen pauso bat eman eta soinu oneko disko bat grabatzeko. Disketxea ere bidean azaldu zen eta bi aldeak zerbaiterako prest daudenean...”. Horrek guztiak lan sendoago bat egitera eraman ditu taldekideak, “melodia eta konponketak inoiz baino gehiago zaindu ditugulako”. CDak hamalau abesti, bertsolari batzuekin egindako esperimentu bat eta pista multimedia bat jasoko ditu. Horrekin guztiarekin, beren eskaintza ezagutzera ematea da egun euren lehenengo helburua. Ez diote, ordea, zuzenean ondo pasatzeari utziko, hori baita, azken batean, Mal de Ojoren oinarria.

Berriaren alde Zestoan

Larunbatean aurkeztuko du lehenengo aldiz Mestijaia diskoa Malde Ojok. Emanaldi berezi baten barruan izango da gainera; Zestoako plazan Berria-ren aldeko kontzertua eskainiko baitu Bide Ertzean taldearekin batera.Taldearentzat ere emanaldi berezia izango dela adierazi du Aitor Atxegak: “Errespetu handia diogu diskoa aurkezteko lehenengo kontzertua izango delako, eta agertoki handi batean joko dugulako. Gainera, gure kantu guztiak ez dira euskaraz, baina espero dugu jendeak ondo erantzungo duela”. Hala eta guztiz ere, “jotzeko amorratzen daudela” dio Aitorrek, erronka gisa hartzen baitute kontzertua.

MIKEL LIZARRALDE


MAL DE OJO





Kontzertuak


Hemeroteka


Argazkiak


Argazkiak 2


Argazkiak 3


Ibilbidea


ARTISTAK
· 7 SÓIS 7 LUAS
· BELCEBLUES
· BIDE ERTZEAN
· BLUEDAYS
· CONXITA
· COOL CIRCUS
· ERRABAL JAZZ JAIALDIA
· EL DOGHOUSE
· ESNE BELTZA
· GABY JOGEIX
· GAINSBOURG GAINBEGIRATUZ
· HOTSAK DANTZAN
· JIMMY BIDAURRETA
· JJBAND
· J.L.PARDO & THE MOJO WORKERS
· JERONIMO MARTIN TRIO
· JOSERRA SENPERENA
· JUAN DE DIEGO TRIO
· KANEVSKY
· KARELEAN
· KATAMALO
· KEMEN LERTXUNDI
· KEU AGIRRETXEA
· KOKEIN
· LOS CORONAS
· LOS REYES DEL K.O.
· MAMBA BEAT
· MARTA SANCHEZ TRIO
· MORAU
· OSTOLAZA ETA PUJANA
· PETTI
· ROGELIO BOTANZ
· SEÑOR NO
· SEXTY SEXERS
· SPECIAL 20
· SURFIN KAOS
· TAPIA ETA LETURIA
· TERELA GRADIN QUINTET
· THE BLIND LEMONS
· THUNDER EXPRESS
· TIGER! TIGER!
· TRES MIL HOMBRES
· TXUMA MURUGARREN
· UEK
· ...artista gehiago

Gaztelupeko Hotsak · Errabal, 23 · 20590 SORALUZE (Euskal Herria) · Tel.: +34 943 753 016
gaztelupeko@hotsak.com

ES EN FR


Webgune honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du